Azken bileran ere, Udalsarea 2030eko Batzorde Teknikoak Eskola Agenda 2030 programari heldu dio, irakasleei eta ikastetxeei laguntzeko ekipamendu publikoen Ingurugela sarearen parte-hartzearekin. Gorde Berrogeita hamar parte-hartzaile inguru bildu dituen topaketan, sareko Idazkaritza Teknikoak 2022ko Kudeaketa Planari eta datozen hilabeteetan bultzatu beharreko lan-ildoei buruzko informazioa eman du, eta Udalsarea 2030en 20. urteurrenaren testuinguruan, Euskadin tokiko ekintza jasangarria eta Tokiko Agenda bultzatzeko lankidetzarako esparru-akordio berriari atxikitzeko prozesuaren egoera aurkeztu du. Agate Goyarrola eta Mirian Arrizabalaga Udalsarea 2030eko Idazkaritza Teknikoko ordezkariek, iragarri dutenez, orain arte 92 udalek, eskualde mailako 12 erakundek eta Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiak, EEE eta URA bezalako udalaz gaindiko erakundeek egin dute bat akordio berriarekin. Jakinarazi dute, halaber, irailaren 12an ospatuko dela Udalsarea 2030en 20. urteurreneko ekitaldia, eta eranskinak sinatuz sarean lehenbailehen sartzea ofizialtzeko eskatu dute. Bestalde, Loli Lorenzo Ihobeko teknikariak, “Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030eko Estrategia” aurkeztu du. Estrategia horrek asmo handiko helburua ezarri du: lurzoruaren kudeaketa jasangarriaren bidez, termino garbietan ingurune hori ez degradatzea, eta, aldi berean, haren osasuna bermatzea. Udalsarea 2030en bidez Lurzorua Babesteko Estrategiaren hedapenari edukia emateko lantalde baten hurrengo deialdia iragarri du, udal-kudeaketako eremu guztietan ingurune horren babesa bultzatzeko eta udalek modu eraginkorrean esku hartu ahal izateko tresnak sortzeko. Era berean, Udalsarea 2030eko Batzorde Teknikoak bere espazioaren zati bat eskaini dio udalerrietan eta eskualdeetan klima-ekintza bultzatzeko erabilgarri dauden tresna eta baliabideen aurkezpenari. Diagnostikorako tresna nagusien ikuspegi integrala eskaini da, bai arintzeari, bai egokitzeari dagokienez. Tresna horiek udalerrien eta eskualdeen esku jarri dira, klima-ekintza ekintza eta jardunbide egokien bidez bideratzeko. Tresna horien artean, Malake Muñoz Ihobeko teknikariak, baliabide multzoaren errepaso laburra egin du, eta tresna horietako batzuen ahalmen berritzailea nabarmendu du, hala nola xurgapenak kalkulatzeko tresna, edo klima-agertokietara eta udalerri bakoitzerako kalteberatasuna eta arriskua aztertzeko fitxetara sartzeko aukera. Azaldu duenez, ‘Euskal Autonomia Erkidegoko ex ante CO2 xurgapenen kalkulagailua’ Ihoberen eta Neiker-Tecnaliaren arteko lankidetzaren ondorioz landutako tresna da, eta haren helburua, biomasari eta EAEko hainbat erabileratako lurzoruei (basogintza, belarki-laboreak eta labore iraunkorrak eta larreak) lotutako karbono dioxidoaren xurgapenak zenbatestea da, karbono-hustubideekin lotutako proiektuen potentziala zenbatesteko aukera emango duen kudeaketa-tresna ahalbidetuz. Azkenik, ‘Kostaegoki’ izenekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldeak klima-aldaketaren aurrean duen kalteberatasuna, arriskua eta egokitzapena kostaldeko gainerako autonomia-erkidegoekin lankidetzan aztertzeko proiektuaren parte da, eta garrantzi handiko informazioa eskaintzen du euskal biztanleriaren % 65 biltzen duten kostaldeko udalerri eta eskualde guztientzat. Marearen eta olatuen serie historikoen azterketatik abiatuta, etorkizuneko baldintzak klima-aldaketaren ondorioz itsas mailak gora egiteko agertokien arabera modelizatu dira, eta eragina jasango duen biztanleriaren gaineko arriskua aztertu da: industria- eta etxebizitza-lurzorua, eragina jasango duen BPGa, kapital-stocka, hondartzak eta ingurune naturala eta azpiegitura kritikoak, besteak beste. Ihoberen webgunean eskuragarri dagoen tresna hori administrazioei edo, oro har, herritarrei dago zuzenduta, eta GIS bisore baten bidez kontsulta daiteke klima-aldaketak euskal kostaldean duen eragina. Halaber, klima-aldaketara egokitzeko soluzio naturalei eta jardunbide egokiei buruzko Ihoberen eta Udalsarea 2030en argitalpenak eman dira ezagutzera, klima-aldaketara egokitzeko planak egiteko gidak eta Euskadiko klimari eta energiari buruzko tokiko planak egiteko materialak, alegia. Jardunaldian, Energia Trantsizioari eta Klima Aldaketari buruzko Legeak ekarriko dituen betebeharrak aurkeztu dira, besteak beste, lege horren 13. artikuluan ezarritako 5.000 biztanletik gorako udalerrietako klima- eta energia-planak onartzea. Onarpen hori legea onartu eta 2 urteko epean egin beharko da. Ondoren, “Klimaren aldeko ekintza eta energia-trantsizioa modu justu eta integratzailean jorratuz, inor atzean utzi barik” izenburupean, Eibarko Udalak klima-ekintzan duen esperientzia aurkeztu du Udalsarea 2030en Batzorde Teknikoan. Hasteko, Vanesa Larrabide Eibarko Udaleko Ingurumen teknikariak, udalerriak klimaren aldaketari eta energiari dagokionez izan duen ibilbidea aurkeztu du. Hala, 2013an, Udalak bat egin zuen Itunerako Bidean aurre eginez ekimenarekin, 2016an Eibar 2025 Plan Estrategikoa egin zuen, 2018an Ingurumen Ekintzako Plana egin zuen, eta 2020an Klima eta Energiarako Alkatetzen Ituna sinatu zuen eta Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana (PACES-KEJEP) kontratatzea agindu zuen. Plan horrek hainbat neurri jasotzen ditu, hala nola energia-eraginkortasuna eta -aurrezpena hobetzea, energia berriztagarriak sustatzea, eta udalerrian erresilientzia eta klima-aldaketaren aurreko egokitzapena areagotzea. Planaren edukien artean hauek nabarmentzen dira: udalerriko berotegi-efektuko gasen isurketen oinarrizko inbentarioa, klima-arriskuen eta -kalteberatasunen ebaluazioa eta horiek arintzeko eta egokitzeko neurrien plana. “Neurri horiekin, Udalak energia-kontsumoa % 35 murriztu eta energia berriztagarria sortzeko ahalmena handitu gura du, Euskadiko Energia Jasangarritasunari buruzko 4/2019 Legearen eskakizunak betez”, Vanesa Larrabidek azaldu duenez. Urola Kostak “Urola Kostako Energia Plana” aurkeztu du, Idoia Etxarri Urola Kostako Udal Elkarteko teknikariaren bitartez. Lau urteko indarraldia (2022-2026) duen planak, sektore desberdinei zuzendutako helburuak eta ekintzak biltzen ditu. Epe laburrean eskualdeko eragileak energiaren trantsizioan eta ekonomiaren deskarbonizazioan mobilizatu gura ditu. Eskualdearentzat onuragarriak izan daitezkeen eskualdeaz gaindiko eragileekin lankidetzan aritzeko aukerak ere sor ditzake. Planak 4 helburu eta hainbat sektoreri zuzendutako 24 ekintza jasotzen ditu. Helburuak hauek dira: enpresa-sektoreari lehiakortasuna hobetzeko aholkularitza eskaintzea; sektore ekonomiko guztiak errealitatera egokitutako karbono gutxiko eredu ekonomikoa garatzeko gai izango den eskualde mailako erakunde laguntzaileen sarea sortzeko mobilizatzea; erabakiak hartzea errazteko informazioa, sentsibilizazioa eta parte-hartzea bultzatzea; eta klima-aldaketaren aurkako borrokan kudeaketa publiko eraginkorra eta eredugarria sustatzea. Bere hitzaldian, Idoia Etxarrik aurtengo planaren lehentasunezko ekimenak azpimarratu ditu: “Gipuzkoako Lurralde Mahaian parte hartzea, energia-kontsumoen jarraipena egiteko sistematizazioa eta udalerri eta eskualde bakoitzeko eraikin publikoen eta instalazioen gastua, energia-planaren jarraipena eta eskualdeko mahaien dinamizazioa, energia-pobreziaren eta -ahultasunaren azterketa eta mugikortasun jasangarriko eskualdeko diagnostikoa eta plana”. Eskola Agenda 2030 eta udal dimentsioa Topaketan, irakasleei eta ikastetxeei laguntzeko ekipamendu publikoen Ingurugela sareak, Eskola Agenda 2030 programa aurkeztu du, ikastetxearen jasangarritasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa. Horren helburua jasangarritasunaren kultura hezkuntza-komunitateetan integratzea da, ikasleengan batez ere, arazo ekologiko eta sozialen konponbideetan esku hartzeko beharrezkoak diren eskumenak eta konpromisoak garatuz, maila lokalean eta globalean, eta eraldaketa-ekintzak egitea, bai banakakoak, bai kolektiboak, ikastetxean eta udalerrian, orain eta etorkizunean, Jokin Lapazak, Edurne Ugartek eta José Manuel Gutierrezek azaldu dutenez. Ingurugela zentroek ingurumen-hezkuntzako planak eta programak koordinatzen dituzte unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sisteman. Ikastetxe horiek jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzako programak jartzen dituzte abian: 2030erako Eskola Agenda, eskola-ekobarometroa, urteroko azterketak, “Eskola jasangarriak”, sentsibilizazioa eta informazioa, ingurumen-hezkuntzako urteroko topaketak, irakasleen prestakuntza, etab. Ingurugelako kideak pozik agertu dira 22-23 ikasturtean 480 ikastetxek hartuko dutela parte baieztatuta dagoelako. Aurreko ikasturtean baino 27 ikastetxe gehiagok hartuko dute parte. Dagoeneko 110 “Eskola Jasangarri” daude eta 129 udalerrik hartu dute parte. Erlazionatutako edukia Aurkezpenak eta aktak Anterior Siguiente
Udalsarea 2030 Gorde Udalsarea 2030 Udalsarea 2030ek Energia-Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Legeak toki erakundeentzat dituen betebeharrak aztertu ditu 2024/04/15
Udalsarea 2030 Gorde Udalsarea 2030 Ihobek erosketa eta kontratazio berdean Euskadik duen esperientzia aurkeztu du Procura+ konferentzian 2024/04/03
Udalsarea 2030 Gorde Udalsarea 2030 Udalsarea 2030ek jasangarritasunaren aldeko bi hamarkadako lanaren esperientzia aurkeztu du Ttanta Egunean 2024/03/25
Udalsarea 2030 Gorde Udalsarea 2030 Udalsarea 2030ek Añanako Kuadrillako udalerriak bildu ditu Ribabellosan eskualdeko topaketan 2024/02/27