Skip to main content

  Back

Hondakinen tasak sortze bidezko sistemara eta legedi berrira egokitzeko irizpide teknikoak eta zalantza praktikoak landu ditu Udalsarea 2030ek

Udalsarea 2030 aborda los criterios técnicos y las dudas prácticas para adaptar las tasas de residuos a los sistemas de pago por generación y a la nueva normativa
Udalsarea 2030ek hondakinen tasak sorreraren araberako ordainketara bideratzeko lan-saioa egin du Bilboko Basque Circular Huben. Saioan, 69 erakunderen ordezkariek hartu dute parte, udalerriek eta mankomunitateek tasa horien kalkuluan eta aplikazioan dituzten zalantza praktikoak partekatzeko eta irizpide teknikoak kontrastatzeko.

Lan-saioa aurretik egindako lanketaren jarraipena izan da. Izan ere, Udalsarea 2030ek 2015ean hasi zuen hondakinen tasen inguruko azterketa, eta ordutik hona arlo horretan izandako aldaketa normatibo eta operatiboek ereduak eguneratzeko beharra ekarri dute. Besteak beste, 7/2022 Legeak ezarritako baldintzek, kostuen estalduraren beharrak eta “kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioak tasa-ereduak berrikustera eraman dituzte tokiko erakundeak.

Testuinguru horretan, Udalsarea 2030ek eta Ihobek udalerrien esku jarritako baliabideak nabarmendu dira: Hondakinen udal-tasak egiteko gida, kalkuluetarako Excel tresna, memoria ekonomiko-finantzarioaren eredua eta ordenantza fiskalaren eredua. Tresna horien bidez, kalkuluak egiteko, tasak justifikatzeko eta ereduak baliozkotzeko oinarri tekniko bateratua eskaintzea da helburua.

Saioan agerian geratu da hondakinen tasen egokitzapena ez dela kalkulu ekonomiko hutsa. Kostuen estaldura bermatzea, hobariak modu egokian aplikatzea eta herritarrentzako eta zerbitzu eta industrientzako sistema ulergarri eta bidezkoak diseinatzea dira udalerriek aurrean dituzten erronka nagusietako batzuk. Hobarien kasuan, bosgarren edukiontziaren erabilera, autokonpostajea, konpostaje komunitarioa edo puntu garbien erabilera sustatzeko aukerak landu dira, betiere horiek zerbitzuaren kostuen berreskurapenean izan dezaketen eragina kontuan hartuta.

Datuen kudeaketak ere garrantzi berezia hartu du. Hondakinen tasak sorreraren arabera orientatzeko, etxebizitzen, jarduera ekonomikoen, katastroaren, errolda fiskalaren eta edukiontzien erabileraren inguruko datuak behar bezala uztartzea ezinbestekoa dela azpimarratu da.

Datuen kudeaketak ere garrantzi berezia hartu du. Hondakinen tasak sorreraren arabera orientatzeko, etxebizitzen, jarduera ekonomikoen, katastroaren, errolda fiskalaren eta edukiontzien erabileraren inguruko datuak behar bezala uztartzea ezinbestekoa dela azpimarratu da. Jarduera ekonomikoei dagokienez, sortutako hondakinen bolumena, jardueraren tipologia, establezimenduaren azalera edo erabilera erreala modu justuan islatzeko zailtasunak partekatu dira. Horri lotuta, aktibitate ekonomiko ezberdinei lotutako faktore bihurtzaileen berrikuspena lantzea eskatu da, udalerriekin egindako kontrasteen ondoren, erreferentziazko irizpideak hobetzeko eta kalkulu-prozesuan laguntza handiagoa eskatuz.

Basauriko eta Errenteriako esperientziek erakutsi dute tasa-eredu berriak ezartzeko prozesuan komunikazioa, datuen fidagarritasuna eta udal barruko koordinazioa funtsezkoak direla. Basauriren kasuan, frakzio organikoaren erabilera sustatzeko sistemek aukera berriak ireki dituzte, nahiz eta herritarrei zuzendutako komunikazioak hasieran nahasmena sortu. Ondoren, informazio-kanpainek txartelen erabilera eta eskaera handitu dituzte, eta frakzio organikoaren bilketak hobekuntza nabarmena izan du. Errenteriaren kasuak, berriz, gida teknikoan jasotzen den metodologia abiapuntu baliagarria izanik ere, udalerri bakoitzak bere datu-sistemak, bilketa-eredua eta errealitate administratiboa kontuan hartu behar dituela utzi du agerian.

Lan-saioan landa-eremuetako eta udalerri sakabanatuetako errealitatea ere jorratu da. Edukiontzietarako distantziak, bilketa-ibilbideak eta zerbitzuaren kostuak ez dira berdinak hiri-inguruneetan eta auzo edo herri txikietan; horregatik, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuko dituzten irizpide malguak behar direla nabarmendu da. Industria-eremuen eta poligonoen kasuan, berriz, atez ateko bilketa-sistemak, establezimendu bakoitzaren barruan kokatutako edukiontziak edo jarduera ekonomikoen araberako koefizienteak aztertu dira.

Azkenik, tasen aurkako errekurtso eta judizializazioak saihesteko justifikazio tekniko sendoa behar dela azpimarratu da. Ordainketa sorreraren arabera ez aplikatzea, baliokidetasun-printzipioa ez errespetatzea, memoria ekonomiko-finantzariorik ez izatea edo tasen zenbatekoak behar bezala ez justifikatzea dira arrisku nagusietako batzuk.

Horregatik, Udalsarea 2030en lana bereziki garrantzitsua da prozesu honetan: udalerriei metodologia, tresnak, erreferentziak eta kontrasterako espazioak eskaintzea, hondakinen tasa-ereduak ahalik eta modu sendoenean, justifikatuan eta tokiko errealitatera egokituta eraiki ditzaten.