Skip to main content

  Back

Arabako Lautada eta Udalsarea 2030eko kideak elkarlanean, klima, energia eta hondakinen kudeaketako erronkei aurre egiteko

La Llanada Alavesa y Udalsarea 2030 colaboran para afrontar los retos climáticos, energéticos y de gestión de residuos
Pasa den maiatzaren 22an, Udalsarea 2030k, ohiko jardunari jarraiki, Arabako Lautadako udal ordezkariak, kuadrillako arduradunak eta Ihobeko teknikariak bildu zituen, sarearen ildo estrategiko nagusiak partekatzeko eta eskualdeko erronka zein aurrerapenak elkarrekin aztertzeko. Kuadrillako alkate eta teknikarien topaketa teknikoaz gain, konpostaje planta berria ere bisitatu zuten: 1.000 tonako edukieradun proiektua, tokiko ekoizleentzat.

Eguneko jardunaren lehen zatian, Udalsarea 2030ren egitura eta funtzionamendua azaldu zuen Agate Goyarrolak, besteak beste, Arabako Lautadako ordezkariek sarea nork osatzen duen eta zer lan egiten den gertutik ezagutzeko: klima eta energia, eta hondakinen prebentzioa eta kudeaketa. Parte-hartzaileen artean Txelo Auzmendi, Asparrenako alkatea; Nati López de Munain, Elburgoko ordezkaria; Ruth Uncella, kuadrillako teknikari arduraduna; eta Gustavo Fernández, Arabako Lautadako kuadrillako presidentea izan ziren.

5.000 biztanletik gorako udalerriek Klima eta Energia planak egiteko betebeharra dute. Arabako Lautadan, badaude arlo honetan zenbait ekimen martxan.

Klima eta energiaren arloan, legearen inguruan izan diren azken aldaketak (Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskal Legea, 2024) aurkeztu zituen Agate Goyarrola Udalsarea 2030eko ordezkariak, eta udalerriek, bereziki 5.000 biztanletik gorakoek, klima eta energia planak egiteko dituzten betebeharrak azpimarratu zituen. Eskualdean bertan udalerriek egindako ekintzak eta esperientziak partekatu ziren, hala nola biomasa instalazioa, argiteria publikoaren eraldaketa, eta energia berriztagarrien instalazioa. Era berean, Urban Klima 2050 proiektuaren amaiera eta LIFE Octopus proiektu berriaren abiapuntua aipatu ziren, udalerriei klima eta energiaren arloan aurrera egiten laguntzeko.

Hondakinen eta ekonomia zirkularraren esparruan, amiantoaren errolda eta hondakinen tasa kalkulatzeko tresnak izan ziren hizpide, bai eta udalerriek araudi berrira egokitzeko dituzten zailtasunak ere. Agurain eta Asparrenak, esaterako, dagoeneko amiantoaren errolda egin dute, eta hondakinen tasa egokitzeko urratsak ematen ari dira. Ekonomia zirkularraren inguruan, eskualdeko hainbat ekimen azpimarratu ziren, hala nola tokiko produktuen erabilera eta elikadura ohituren aldaketa, baita eskualdeko garapen elkartearen bidez bultzatutako proiektuak ere.

Herritarren parte-hartzea bilatzen dituzten ekimenak aipatu ziren, hala nola Let's Clean Up Euskadi! edo ASTEKLIMA.

Azkenik, kontratazio eta erosketen ingurumen irizpideak txertatzeko ahaleginak ere aipatu ziren, eta Udalsarea 2030ek udalerriei laguntza eskaini zien pleguei ingurumen baldintzak gehitzeko. Era berean, Zero Pollution, ingurumen eta osasun arloko ekimenak, eta herritarren parte-hartzea sustatzeko programak aurkeztu ziren, hala nola Let’s Clean Up Euskadi! eta ASTEKLIMA.

Udalsarea 2030 sareko ordezkariek adierazi zuten prest daudela udalerriek behar dituzten gaietan sakontzeko edo banakako bilerak egiteko, eta eskerrak eman zizkieten parte-hartzaileei egindako ekarpenengatik eta konpromisoagatik.


Konpostaje-planta berria


Topaketa teknikoaren ostean, parte-hartzaileek konpostaje planta berria bisitatu zuten. Hasierako proiektua eskualdeko ekoizleentzat 300 tonako gaitasunarekin aurreikusi bazen ere, gaur egun 1.500 tonako edukiera du, nahiz eta egungo erabilera 1.000 tonara mugatzen den. Planta erabiltzeko, hondakin organikoak konpostatzeko balio duten poltsa konpostagarriak erabiltzea derrigorrezkoa da.

Produktua udaberrian eta udazkenean banatzea aurreikusten da.

Planta honetan, hondakin organikoaren deskarga eta katalogazioa egin ondoren, materiala hilabetez hilabeteko pila sisteman antolatuko da, eta hartzidura faseari ekingo zaio. Horrez gain, biltegiratze eremua ere izango du, eta instalazioak 2/3ko urteko ekoizpenaren biltegiratze ahalmena duen siloen sistema du. Produktua udaberrian eta udazkenean banatzea aurreikusten da.

Etorkizunari begira, planta honek artilearen kudeaketa ere bere gain hartu lezake. Plantaren ondoan, gainera, bi araztegi daude: bata ur zikinentzat eta bestea ur garbien tratamendurako.