Legazpik bere lehen Klima eta Energia Plana onartu du 2030era arte
Dokumentu hau egiteko prozesuan herritarrek parte hartu dute, herritar guztiei irekitako inkesta baten bidez, eta Agenda 2030 Foroaren hiru saio egin dira.
2030erako planteatutako erronkak honako hauek dira: udalerriko CO2 isurien % 55 murriztea, 2017arekin alderatuta; udalerriko azken energia-kontsumoa gutxienez % 12 murriztea 2021arekin alderatuta; energia berriztagarriak udalerriko azken energia-kontsumoaren % 32 izatea gutxienez; udal-eraikin eta -instalazioen kontsumo elektriko eta termikoaren % 32 iturri berriztagarrietatik etortzea; eta udal-eraikin eta -instalazioetako energia-kontsumoa % 35 murriztea.
Edukiari dagokionez, bost proiektu estrategikok osatzen dute plana: hirigintza-plangintzan klima-aldaketaren irizpidea txertatzea (arintzearen eta egokitzearen ikuspegitik); Ezkurrenea birgaitzea, Passivhaus estandarrean oinarritutako belaunaldien arteko egoitza-zentroa izateko; udalerrian energia-komunitateak ezartzen laguntzea; Junetorri autobus-zerbitzua hobetzea eta deskarbonizatzea; eta Arrobi mendiko habitatek CO2 xurgatzeko duten gaitasuna handitzea.
Horiek, era berean, 70 ekintzatan gauzatzen dira, zortzi ildo estrategikotan banatuta: eraginkortasun energetikoa, instalazioen eta eraikinen energia-eskaria murrizteko ekintzekin; energia berriztagarriak, iturri berriztagarrien energia-sorkuntza eta -kontsumoa handitzeko ekintzekin; mugikortasun iraunkorra; ekonomia zirkularra; arrisku klimatikoa; biodibertsitatea; pobrezia energetikoa, udalerriko pobrezia energetikoa murrizteko ekintzekin; eta prestakuntza, informazioa eta sentsibilizazioa.