Skip to main content

  Back

Olaberriak udalerriko eraikin publiko eta pribatuetako amiantoaren errolda osatu du

Olaberria completa el censo de amianto de los edificios públicos y privados del municipio

Olaberriko Udalak udalerriko eraikin publiko eta pribatuetan dagoen amiantoaren errolda osatu du, ekonomia zirkular baterako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezartzen dituen betebeharrak betez. Lan honen helburua amiantoa duten eraikinak identifikatzea, material horrek izan dezakeen arriskua ebaluatzea eta hura modu seguruan kentzea sustatzea izan da.

Errolda egiteko, udalerriko eraikin guztiak aztertu dira, hiru eremutan banatuta: hirigunea, baserri-eremua eta industria-gunea. Guztira, 144 bizitegi-eraikin eta 71 industria-eraikin inguru bisitatu dira, kanpoko ikuskapenak eginez eta, beharrezkoa izan denean, materialen laginketa eta analisiak burutuz.

Amiantoa 36 bizitegi-eraikinetan eta 13 industria-eraikinetan identifikatu da; kasu guztietan, zuntz-zementuzko materialetan.

Egindako lanaren ondorioz, amiantoa 36 bizitegi-eraikinetan eta 13 industria-eraikinetan identifikatu da; kasu guztietan, zuntz-zementuzko materialetan. Baserri-eremuan, batez ere baserrien ondoko txaboletan eta pabiloietan atzeman da; industria-guneetan, berriz, nagusiki tximinietan eta pabiloietan; eta hirigunean, arnasguneetan eta tximinietan.

Diagnostikoaren ondoren, amiantoa duten materialen arrisku potentziala ebaluatu da, zuntzak airera askatzeko arriskua eta pertsonen esposizioa aztertuz. Ebaluazio horren emaitzen arabera, kasu gehienetan materiala kentzea gomendatu da, eta bitartean haren egoera gainbegiratzea, degradazioa hiru urteko epean berrikustea eta materiala behar bezala seinaleztatzea. Egoera jakin batzuetan, berehalako kapsulatzea edo kentzea ere gomendatu da.

Egindako lanaren berri emateko, Udalak gutun bana bidali die amiantoa identifikatu den eraikinen jabeei. Bertan, eraikin bakoitzaren fitxa deskribatzailea, identifikatutako elementuen kokapena, tratamendurako gomendioak eta udalaren laguntza ekonomikoen berri jaso dituzte.

Ildo horretan, Olaberriako Udalak dirulaguntza-lerro propio bat sortu du eraikuntzako eta isolamenduko materialetan dagoen amiantoa jatorrian kentzea sustatzeko. Laguntzak amiantoa kentzeko, garraiatzeko eta baimendutako instalazioetan tratatzeko gastuak estaltzen ditu, aurkeztutako fakturen %50era arte (BEZa kanpo), gehienez 1.000 euro jarduketa bakoitzeko. Lanak, gainera, Amianto Arriskua duten Enpresen Erregistroan (RERA) inskribatuta dauden enpresek egin beharko dituzte, indarrean dagoen araudia betez.

Ekimen honen bidez, Olaberriako Udalak udalerriko eraikinen segurtasuna hobetzea, herritarren osasuna babestea eta amiantoaren kudeaketa egokia sustatzea du helburu. Era berean, Udalsarea 2030 sarearen esparruan udalerrien eskura dauden gida metodologikoak eta tresna digitalak gogorarazi ditu, amiantoaren erroldak egiteko eta kudeatzeko lagungarri diren baliabide gisa.