Goierriko udalerriek klima, energia eta hondakinen kudeaketa izan dituzte ardatz Udalsarea 2030en eskualdeko topaketan
Topaketan Udalsarea 2030en ordezkariak, Goiekiko ordezkariak eta Beasain, Idiazabal, Itsasondo, Legorreta, Olaberria, Ordizia eta Segurako ordezkari politiko eta teknikoak izan ziren.
Topaketan Ihobeko Itxaso Bengoetxea eta Izaskun de Allende Udalsarea 2030en Idazkaritza Teknikoko ordezkariak; Goiekiko Iker Galparsoro, Maialen Sanchez eta Sara Irastorza; eta Beasain, Idiazabal, Itsasondo, Legorreta, Olaberria, Ordizia eta Segurako ordezkari politiko eta teknikoak izan ziren.1/2024 Legearen arabera, 5.000 biztanletik gorako udalerriek Klima eta Energia Planak izan beharko dituzte, eta Udalsarea 2030ek, nahiz eta Goierriko herri gehienak populazio hori baino txikiagokoak izan, udalerrien eskura dituen baliabideak aurkeztu nahi izan zizkien: Tokiko Klima eta Energia Planak egiteko gida metodologikoa, kontratazeko giltzarriak, BEG isurien kalkulurako tresnak eta ekintzak ezartzeko baliabide praktikoak, besteak beste.
Goierriko egoeraren errealitatea hizpide izan zen bilera horretan: eskualdeko udalerri batzuk dagoeneko Klima eta Energia Planak landu dituztela nabarmendu zen, beste batzuk lanketa-prozesu desberdinetan daudela, bai eta eskualde mailako ikuspegiak aukera eman dezakeela udalerrien arteko lankidetza oraindik gehiago indartzeko ere. Iker Galparsorok, Goiekiko zuzendari orokorrak, bileraren egokitasuna azpimarratu zuen, garapen agentzia eskualde mailako Klima eta Energia Plana lantzeko prozesua abiatzeko asmoan dagoelako. Momentu honetan diagnostiko-fasean daude, nahiz eta muga batzurekin topo egiten ari diren: “Plana definitzeko prozesua konplexua da, udalerri bakoitzaren errealitatea eta abiapuntua desberdinak direlako”.
“Udalerri bakoitzaren diagnostikotik abiatzea, eta ekintzak eskualdearen eta udalerrien beharren arabera egokitzea” bide egokiena dela adierazi zen.
Udalsarea 2030eko ordezkariek eskualdeko planek udalerri bakoitzaren diagnostikoan oinarritu behar dutela azpimarratu zuten, baita ekintzak tokian tokiko arriskuen eta premien arabera egokitu behar direla. Izaskun de Allendek “udalerri bakoitzaren diagnostikotik abiatzea, eta ekintzak eskualdearen eta udalerrien beharren arabera egokitzea” bide egokiena dela adierazi zuen.Klima eta energiaren arloan, Alkateen Itunaren inguruko aukerak eta zalantzak ere landu ziren. Saioan azaldu zen atxikipena udal bakoitzak onartu behar duela, baina eskualde mailako plan batek udalerrientzako baliagarritasuna izan dezakeela, betiere udalerri mailako ekintzak jasotzen baditu. Udal ordezkariek murrizketa-helburuen betegarritasunari eta plataformara informazioa igotzeak dakarren lanari buruzko zalantzak partekatu zituzten, eta Udalsarea 2030ek arlo horretan laguntza emateko prestutasuna adierazi zuen.
Amianto udal-erroldak
Hondakinen eta ekonomia zirkularraren arloan, amiantoaren udal erroldak eta hondakinen sorreraren araberako tasak izan ziren gai nagusiak. Amiantoari dagokionez, gogorarazi zen udalerriek 2028rako erroldak osatuta eta kudeaketa-plangintza eginda izan beharko dutela, eta horretarako Udalsarea 2030ek gida, aplikazioa eta laguntza-bideak jarri dituela udalerrien eskura.
“Kale-etxeetan baino, baserrietan agertu da amianto gehiago, batez ere silo eta ukuiluetan”.
Olaberriako ordezkariak, Aitor Urkiolak, azaldu zuen udalerriak dirulaguntza jaso zuela errolda egiteko, eta bi errealitate nagusi aztertu zituztela: 60ko hamarkadan eraikitako etxebizitzak eta landa-eremua. “Kale-etxeetan baino, baserrietan agertu da amianto gehiago, batez ere silo eta ukuiluetan”, azpimarratu zuen. Horrez gain, udalerriak fitxak osatu eta partikularrei zuzendutako laguntza-lerro bat jarri zuela martxan azaldu zuen, amiantoa kendu eta behar bezala kudeatzeko.
Hondakinen tasei dagokienez, sortzearen araberako ordainketara bideratutako tresnak eta gidak aurkeztu ziren. Udalsarea 2030ek azaldu zuen tresna horiek udalerriei laguntzeko sortu direla, hondakinen sorrera kontuan hartuko duten tasa-ereduak kalkulatzeko eta ordenantza fiskalak lantzeko. Gai horren inguruan, udalerriek beren errealitateak partekatu zituzten, bereziki landa-eremuetan auto-konpostak eta auzo-konpostak izan dezaketen eraginari dagokionez.
Saioan, erosketa eta kontratazio berdea, Zero Pollution ekimenak, ingurumenaren eta osasunaren arteko lotura, Let’s Clean Up Euskadi, ASTEKLIMA, Klima Azoka, Hondakinen Prebentziorako Europako Astea eta eskola-ingurune osasungarri eta jasangarrien inguruan egiten ari diren lanak ere aipatu ziren. Udalsarea 2030eko ordezakariek sarearen webgunean baliabide teknikoak, gidak, tresnak eta jardunbide egokiak kontsultatzeko aukera dutela gogorarazi zien udalerriei.