Skip to main content

  Back

Enkarterrietako udalerriek Udalsarea 2030ekin egindako eskualdeko topaketaren balioa azpimarratu dute, baita gehiago egiteko beharra nabarmendu

Los municipios de Enkarterri destacan el valor del encuentro comarcal celebrado con Udalsarea 2030 y subrayan la necesidad de seguir avanzando
Udalsarea 2030ek Enkarterrietako eskualdeko topaketa egin zuen urtarrilaren 28an, Zallako Enkarterrietako Mankomunitatearen egoitzan. Jardunaldian eskualdeko udalerrietako ordezkari politiko eta teknikoek parte hartu zuten, klima, energia eta hondakinen kudeaketa eta ekonomia zirkularra bezalako gai nagusien inguruan dituzten erronkak, kezkak eta tokiko esperientziak partekatzeko.

Topaketaren helburua udalerrien arteko elkarrizketa eta esperientzien trukea sustatzea izan zen, eskualde mailako ikuspegia indartuz. Parte-hartzaileek horrelako topaketek udalerrien eguneroko lanean sortzen diren zalantzak partekatzeko eta irtenbide posibleak elkarrekin aztertzeko balio handia dutela eta etorkizunean jarraipena izateko aukera planteatu beharko litzatekeela nabarmendu zuten.

Klima eta energiaren arloan, indarrean dagoen araudiak (4/2019 eta 1/2024 legeak) ezartzen dituen betebeharrak izan ziren interes gehien piztu zuten eztabaidagai nagusietako batzuk. Are gehiago, Enkarterrietako Mankomunitateko presidenteak azaldu zuen bezala, eskualdeko udalerri guztiak legez behartuta ez egon arren, guztiek Klima eta Energia Planak modu koordinatuan lantzeko borondatea erakutsi dute.

Udalerrien esperientziak eta beharrak



“Benetako erronka ez da planak egitea bakarrik, ekintzak gauzatzea baizik”.

Balmasedako udaleko teknikariak, Gorka Lópezek, azken 20 urte hauetan klima-aldaketaren arloan Balmasedak eman dituen pausoak baita udalaren ibilbidea partekatu zituen. Azpimarratu zuenez, planifikazioaz harago, gakoa ekintzak gauzatzeko aukerak sortzea da garrantzitsuena: “Planak egitea beharrezkoa da; benetako erronkak dituen ekintzak martxan jartzea derrigorrezkoa da finantzaketa eta laguntza egokiak eskuratu ahal izateko”, adierazi zuen. Halaber, Balmasedak proiektu europarretan parte hartzeak udalerriarentzat “ikusgarritasun eta aukera handiak” ekarri dituela nabarmendu zuen.

“Udal txikientzat eskualde mailako lanketa funtsezkoa da lege-eskakizunei erantzuteko”.

Eskualdeko udalerri txikiagoen egoerari dagokionez, Enkarterrietako Mankomunitateko ingurumen teknikariak, Nerea Bonacherak, udal horiek kezka bereziak dituztela azaldu zuen, batez ere, legeak ezartzen dituen eskakizunei erantzuteko. “Udal txikiek zailtasun handiagoak dituzte baliabide eta langile faltagatik eta horregatik eskualde mailako lanketa funtsezkoa da”, adierazi zuen. Ildo horretan, mankomunitatetik energia-auditoretzak eta inbentarioak egitea eta Klima eta Energia Planak lantzeko prozesuak abiatzea aurreikusten da, betiere, udal bakoitzaren errealitatera egokituta.

Hondakinak, ekonomia zirkularra eta bestelakoak



Hondakinen kudeaketari dagokionez, amiantoaren errolden betebeharra, hondakinen tasa eta sortzearen araberako ordainketa erronkak izan ziren hizpide. Udalerriek azpimarratu zutenez, garrantzitsua da ez soilik herritarrak zigortzea, baizik eta prebentzioa, komunikazioa eta sentsibilizazioa indartzea, baita hondakin sortzaile diren enpresa handiekin lan egitea ere, modu koordinatuan guztion artean irtenbide egoki bat bilatu ahal izateko.

Era berean, kontratazio publikoan ingurumen-irizpideak txertatzearen garrantzia azpimarratu zen, bereziki obretan bigarren mailako lehengaien erabilerari lotuta, eta udalerriek tresna praktikoak eskertzen dituztela adierazi zuten.

“Horrelako topaketek udalerrien eguneroko erronkei modu partekatuan heltzeko aukera ematen dute”.

Topaketaren amaieran, udalerriek balorazio oso positiboa egin zuten eta eskualde mailako elkarrizketa-espazio egonkorrak sortzearen beharra azpimarratu zuten. Nerea Bonacherak, Enkarterrietako Mankomunitateko teknikariak, udalerriei harreman hori indartzen jarraitzeko dei egin zien: “Gai hauetan elkarrekin lan egiteak aukera berriak identifikatzeko eta proiektuak errazago martxan jartzeko balio du”.

Udalsarea 2030ek eskualdeko topaketen bidez udalerrien arteko lankidetza eta esperientzien trukea sustatzen jarraituko du, tokiko jasangarritasun-politikak indartzeko helburuarekin.