Hondakinen tasak, amiantoaren kudeaketa eta klima-egokitzapena hizpide Udalsarea 2030en eskualdeko erakundeen arteko topaketan
Topaketa hauen helburua eskualdeentzako harreman eta elkarlan gune bat eskaintzea da, kudeaketa-eragile gisa duten eginkizunean, eta eskualdeko teknikarien lana funtsezkotzat jo zen udal jasangarritasun-politikak bultzatzeko.
Saioaren hasieran, Agate Goyarrolak, Udalsarea 2030eko idazkari teknikoak, azpimarratu zuen topaketa hauen helburua eskualdeentzako harreman eta elkarlan gune bat eskaintzea dela, kudeaketa-eragile gisa duten eginkizunean. Halaber, eskualdeko teknikarien lana funtsezkotzat jo zuen udal jasangarritasun-politikak bultzatzeko, bereziki udalerri txikien kasuan. Gaur egun, 23 eskualde-erakunde daude Udalsarea 2030i atxikita.Saioaren bloke nagusietako bat hondakinen tasen ingurukoa izan zen. Azpimarratu zen udalerriak aurrerapausoak ematen ari direla tasen diseinuan, baina oraindik heterogeneotasun handia dagoela. Testuinguru horretan, uztailaren 7an aurreko urteko lanari jarraipena emateko saio praktikoa egingo dela iragarri zen, bai eta 2015ean egindako ordenantza-eredua eguneratu eta araudi berrira egokitzeko prozesua ere. Uda ondoren, udalekin eta mankomunitateekin kontraste-prozesua egitea aurreikusten da.
Aiarako Kuadrillatik azaldu zuten bost udalerritan zerbitzu hori arautzeko eskualde-ordenantza onartu dutela, eta, nahiz eta fiskalitatea udal-eskumena izan, eskualde-mailan gutxieneko oinarriak ezartzen saiatzen ari direla, udalek hala eskatzen dutenean eta haien eskumenak errespetatuz.
Soilik aldaketa esanguratsuak daudenean berriz aurkeztu edo jakinarazi beharko dira tasak.
Halaber, tasen aldaketak urtero jakinarazi behar ote diren argitzeko beharra ere aipatu zen. Egindako kontsultaren ondoren, argitu zen soilik aldaketa esanguratsuak daudenean berriz aurkeztu edo jakinarazi beharko direla.Arratiako Mankomunitatetik azaldu zuten tasa fiskala abenduan onartu zutela eta gaur egun aztertzen ari direla kostuak estaltzeko gai den ala ez. Urtez urte kalkuluak berrikusi eta eguneratzeak dakarren lan-karga azpimarratu zuten, bai eta hobari-sistemaren jarraipenean dauden zailtasunak ere, bereziki autokonpostajearen kasuan.
Ildo horretan, Nerbioi-Ibaizabaleko Mankomunitateak jakinarazi zuen autokonpostajearen kontrolerako aplikazio informatiko bat kontratatzeko prozesuan daudela. Tresna horrek erabiltzaileek argazkien bidez jardunbide egokia betetzen dutela egiaztatzea ahalbidetuko du, eta informazio hori organikoaren edukiontziaren erabilera-datuekin gurutzatuz hobariak aplikatzeko aukera emango du.
Hondakinen blokearen barruan, amiantoaren udal-erregistroen egoera ere jorratu zen. Gorbeialdeako Kuadrillatik kezka partekatu zen, oraindik irtenbide integralik ez dagoela azpimarratuz, nahiz eta aurrerapauso batzuk eman diren. Kasuen gorakada eta kudeaketarako azpiegitura egokien falta ere nabarmendu ziren.
Herritarrak gero eta gehiago ari dira udaletara jotzen amiantoa kentzeari edo balizko laguntzei buruzko informazioa eskatzeko.
Halaber, herritarrak gero eta gehiago ari dira udaletara jotzen amiantoa kentzeari edo balizko laguntzei buruzko informazioa eskatzeko. Horren aurrean, udalaz gaindiko erantzun baten beharra azpimarratu zen, erantzukizun osoa udalen gain ez uzteko.Udalsarea 2030ek gogorarazi zuen amiantoaren kudeaketan hainbat sail daudela inplikatuta —Osasuna, Lana, Ingurumena eta Etxebizitza, besteak beste—, eta koordinaziorako mahai tekniko eta politikoak sortu direla gaia lantzeko. Topaketetan jasotako kezkak espazio horietara bideratzen dira, konponbide partekatuak aurrera eramateko helburuarekin.
Klima, energia, egokitzapena eta osasuna
Klima eta energiaren arloan, eskualdeetako Klima eta Energia Planen garapen-mailari buruzko informazioa partekatu zen. Azaldu zen eskualde-plan batek udal ekintzak jasotzen baditu eta araudiak ez badu banakako planik eskatzen, udalerria plana duela kontsidera daitekeela.
Plan horien jarraipenari dagokionez, tresna espezifikoak eskaintzeko aukera aztertzen ari dela adierazi zen, nahiz eta gaur egun lehentasuna berotegi-efektuko gasen kalkulu-sistemen digitalizazioa den. Bitartean, e-mugi tresna erabiltzen jarraitu ahal izango da.
Euskadiko Klima-Aterpeen Sarearen eta gidaren aurkezpena ekainaren 18an egingo dela iragarri zen.
Klima-aldaketara egokitzapenaren arloan, Euskadiko Klima-Aterpeen Sarearen eta gidaren aurkezpena ekainaren 18an egingo dela iragarri zen. Gidak zortzi urratseko prozesua jasotzen du klima-aterpeak identifikatu edo egokitzeko, udalerri bakoitzaren ezaugarri eta baliabideetara egokituta.
Urola Garaia eskualdetik klima-aterpeen inguruan egindako lana azaldu zen, Eskolako 2030 Agendaren baitan garatu dena, eta zazpi ikastetxek klima-aldaketa eta osasuna landu dituztela, barruko zein kanpoko klima-aterpeen proposamenak alkateei aurkeztuz.
Mugikortasun jasangarriari dagokionez, Goierriko Garapen Agentziak enpresekin batera gai hori sustatzeko lanari ekin diola azaldu zuen, aurretiko diagnostiko baten ondoren ekintza bateratuak martxan jartzeko helburuarekin, hala nola bizikletaren erabilera sustatzea edo bidegorrien sarea hobetzea.