Ihobek Ekonomia Zirkularreko prestakuntza programaren 2025eko edizioa abiatu du jardunean dauden profesionalentzat
Basque Circular Hubek eta Pyme Circular ekimenak, biak Ihobe sozietate publikoak kudeatuta, Jardunean dauden profesionalentzako ekonomia zirkularreko prestakuntza programaren 2025eko deialdia abiarazi dute, Gasteizko Udalaren, Bilboko Udalaren eta CONFEBASK eta bere kide diren ADEGI, CEBEK eta SEA elkarteen laguntzarekin.
Ikastaroek araudiei eta merkatuei buruzko azken nobedadeak ezagutzeko aukera eskaintzen diete enpresei, eta horrek arriskuak eta aukerak identifikatzen lagunduko die erabaki informatuak hartzeko eta beren posizionamendu lehiakorra hobetzeko. Prestakuntza amaitzean, parte hartzaile guztiek diploma bat jasoko dute parte hartu dutela egiaztatzeko.
Europako Itun Berdeak hogeita hamar neurri baino gehiago aurreikusten ditu produktu jasangarrien diseinuari, ekoizpen-prozesuen zirkulartasunari eta kontsumitzaileen eta erosle publikoen ahalduntzeari buruz
Karbono aztarna eta deskarbonizazio estrategiak eta arrisku klimatikoak
Ikastaro hau 4 moduluk osatuta dago, eta bere helburua da erakundearen 1, 2 eta 3 irismenetako karbono aztarna kalkulatzen ikastea, eta bezeroen, administrazioen eta finantza sektorearen ingurumen informazioko eskakizunei erantzun ahal izatea. Gainera, ikastaroak produktuaren bizi zikloaren kontzeptua sartu nahi du enpresetan, eta, beraz, bertaratutakoek produktu sinple baten karbono aztarna kalkulatuko dute eta, ahalegin berarekin, produktuaren ingurumen profila izango dute, Ihoberen “Climate&Circularity Calculator” tresna erabiliz. Era berean, beren enpresaren arrisku klimatiko fisikoak eta trantsiziokoak ebaluatzen ikasiko dute eta karbonoaren muga doikuntzarako mekanismoaren inguruko baldintzak eta berrikuntzak ezagutuko dituzte.
ESG: Gardentasuna eta ingurumen posizionamendua
ESG Reportingaren esparruko ikastaro honetan, ingurumen, gizarte eta gobernantza alderdiak neurtu, komunikatu eta kudeatzeko gida gisa balio duten estandarrak eta erreferentziazko esparruak aurkeztuko dira. Gainera, EBko Omnibus lege sortak Jasangarritasunari buruzko informazio korporatiboaren Zuzentarauan eta ESRS Erregelamenduan sartzen dituen aldaketen ondorioak jorratuko dira eta VSMEan, ETEetarako borondatezko estandarrean, sakonduko da.
Ekodiseinua, ekonomia zirkular baterako
Ikastaro hau zortzi moduluk osatuta dago, eta bere helburua da enpresak trebatzea produktu eta zerbitzuen garapenen ekodiseinua eta zirkulartasuna integratzen jakin dezaten. Honako gai hauek jorratuko dira bertan: Europako araudi berria, konpongarritasun, iraunkortasun eta birziklagarritasunerako baldintzak, zirkulartasuna ebaluatzeko UNE eta ISO arauetan oinarritutako metodologiak, produktuaren pasaporte digitala hedatzea, zerbitizazioa eta birmanufaktura eredu zirkular gisa, ontzien ekodiseinua eta eraikuntza produktuei aplikatu beharreko araudia, hainbat sektoreri ikuspegi eguneratu eta aplikatua eskainita.
2024an, Europako Batasunak Produktu Jasangarrien Ekodiseinuari buruzko Erregelamendua (ESPR)
Finantza jasangarriak
Modulu honen helburua da EBko Finantza Jasangarrien Taxonomiak enpresei ezartzen dizkien betebeharrak ulertzea, bai eta araudi honek finantzaketa jasangarria eskuratu, ESG posizionamendua hobetu edo CSRDk txostenak egiteko ezarritako baldintzak bete nahi dituzten erakundeengan dituen ondorioak ere. Gainera, azken araudi eguneratzeak jorratuko dira, Omnibus lege sortak sartutakoak barne, eta kalte esanguratsurik ez eragiteko printzipioan (DNSH) sakonduko da, hori baita proiektu eta jarduera jasangarrien adostasuna ziurtatzeko funtsezko baldintza.
Lehengaiak eta hondakinen kudeaketa
Ikastaro hau modulu bakar batek osatuta dago, eta eraikuntza produktuetarako esparru juridiko berrian eta eraikuntza eta eraispen hondakinen kudeaketatik sortzen diren aukeretan zentratuko da. Ikastaroak ingurumen administrazioaren legearen 84. artikulua jorratuko du eta eraikuntza sektorean jasangarritasuna inplementatu, ebaluatu eta ziurtatzeko gidak eta tresnak eskainiko ditu, material birziklagarrien eta sekundarioen erabilera sustatzeko.
Tarteko eragileentzako saioa
Gainera, Ihobek sarrera gisako 4 orduko saio bat emango du, tarteko eragileentzat berariaz diseinatua. Saioaren helburua da erakundearen karbono aztarnari buruzko ikuspegi orokorra eta praktikoa eskaintzea, ingurumen metrikek enpresa erabakiak hartzeko eta araudi eta merkatu baldintza berriei erantzuteko duten gero eta rol garrantzitsuagoa indartzeko.
Saioan zehar karbono aztarnarekin lotutako kontzeptu giltzarriak, karbono aztarna neurtzea eta horren berri ematea bultzatzen duten arauen testuingurua eta karbono aztarnaren kalkuluak dakartzan aukerak eta abantailak jorratuko dira. Gainera, kalkuluaren oinarri metodologikoak azalduko dira, eta Climate & Circularity Calculator (3C) tresnarako sarrera praktikoa garatuko da, tresnaren funtzionaltasun nagusiak eta enpresek beren ingurumen metrikak kalkulatzeko nola erabil dezaketen azalduz. Ikuspegi orokor horrek Ihobek garatutako tresnaren lan ingurunearekin ohitzeko aukera emango die parte hartzaileei.
Ihoberen eta Bilboko eta Gasteizko Basque Circular Hub-en emandako ikastaroak
2025/07/02. DESKARBONIZAZIOA. 1. modulua. 1. saioa Karbono-aztarna jakinarazteko beharrak eta betebeharrak : izen ematea (Eusko Jaurlaritzaren eraikina. Bizkaia Enparantza)
2025/07/09. DESKARBONIZAZIOA. 1. modulua. 2. saioa Karbono-aztarnaren kalkulua1. eta 2. : izen ematea (Eusko Jaurlaritzaren eraikina. Bizkaia Enparantza)
2025/07/14. DESKARBONIZAZIOA. 1. modulua. 1. saioa. Enpresari aplikatutako karbono-aztarna: kontzeptu orokorrak eta aukerak (Bitarteko agenteentzako saio esklusiboa). izen ematea (Basque Circular Hub Bilbao)
2025/07/16. DESKARBONIZAZIOA. 1. modulua. 3. saioa Karbono-aztarnaren kalkulua 3: izen ematea (Basque Circular Hub Bilbao)