Toki entitateak ‘Let's clean up! Euskadi’ hondakinen prebentziorako kanpainan parte hartzera deituta daude
Eragileak sentsibilizatzea eta mobilizatzea funtsezkoak dira hondakinen prebentziorako, eta, horietan, herritarrek zeregin garrantzitsua dute. Hori dela eta, jardunaldiaren helburua kanpainaren esparruan jarduera bat antolatu nahi duten erakundeentzat eskuragarri dauden tresna eta baliabideen berri ematea izan zen.
‘Let’s clean up! Euskadi’, era berean, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan kokatzen da, aurten 2025eko azaroaren 22tik 30era bitartean ospatuko dena. Hala ere, hilabete batzuk lehenago hasiko da mobilizatzen; zehazki, Euskadin, jarduera gehien maiatzaren 19tik ekainaren 15era bitartean ezarri nahi dira.
Edozein administrazio, erakunde edo pertsonak antola dezake jarduera bat kanpaina honen barruan.
Horrela, edozein erakundek, udaletatik hasi eta GKE edo herritarrengana iritsi arte, jarduera bat antola dezake ‘Let’s clean up! Euskadi’ ekimenaren barne. "Ez da garbiketa-ekintza bat bakarrik, sentsibilizazio-ekintza bat baizik. Horrela, jarduerek ibilbide bat izatea eta portaera-aldaketetan gauzatuko diren tresnak erabiltzea bilatzen da", azaldu dute Ihobeko ordezkariek informazio-jardunaldian.Prozesua hasteko erabilgarri dauden baliabideak
Mota honetako ekimenek motibazio-osagai garrantzitsua dute: ingurune ezagun bat garbitzea eta taldean egitea. "Hori egiten dugunean, jabetzen gara lehenaz eta geroaz, baina garrantzitsua da, halaber, lehen egin izan genezakeenaz jabetzea, prebentziotik, ingurune hori horrela egotera ailegatu ez dadin. Espazio publikoa zaindu beharreko ondasun komuna da, eta, beraz, jarduera boluntario eta kolektibo hau gurea sentitzen dugun espazio baten barruan kokatzen da", adierazi dute Ihobeko ordezkariek.
Sentsibilizazio helburua lortzeko, jarduerak hainbat fasetan antolatu behar dira.
Horregatik, jarduerak ez dira garbiketa huts gisa ikusten, sentsibilizazio-ekintza gisa baizik. Horretarako, fase desberdinetan planifikatu behar dira. Lehenik eta behin, prestaketa bat egin behar da, garbitzeko lekua aukeratzeko, eta aldagaiak, zailtasunak, zer material mota behar den eta abar hartu behar dira kontuan. Garrantzitsua da, halaber, udaletan ikustea ea leku bera aukeratu duten ekimen bat baino gehiago dagoen.
Hurrengo fasean, landuko den arazoa parte-hartzaileekin partekatu behar da. Hirugarren fasea garbiketa-ekintza bera da. Ihobek garbiketa-kitak (eskularruak, pintzak, poltsak...), erabilera-protokoloak, segurtasun-kartelak eta abar emango ditu, bai eta infografia bat ere, hondakin ohikoenekin eta beste hondakin arriskutsu batzuekin (amiantoa, adibidez). Halaber, gomendagarria da udalek edukiontziak izatea ibilbidearen edo ekintzaren amaieran edo bildutako guztia uzteko.
Hurrengo fasea emaitzen ebaluazioa da. Garrantzitsua da zer lortu den hausnartzea, baina baita nola saihestu zitekeen ere. Horretarako, prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk daude, nahiz eta brainstorming bat edo beste edozein jarduera, ekintzaren amaieran, baliozkoa den.
Azkenik, bosgarren fasea mantentzea eta portaera-aldaketa lortzea da. Gainera, esperientzia guztien argazki eta bideoak partekatzeko unea izango da, euskal gizarte osoa hondakinen murrizketarekin konprometituta dagoela jakinarazi ahal izateko.
Jardunaldiak ere adibide inspiratzaileak izan ditu: Legazpiko Udalak bere 'Erreka eguna' partekatu du. Jarduera hau 2004an sortu zen eskoletan, baina ez da soilik ibaiaren garbiketan oinarritzen, baizik eta bere ingurunea garbi mantentzeko moduaz kontzientziatzean, biodibertsitatea babesteko eta hondakinik itsasoraino ez iristeko. 20 urte hauetan, hainbat eskalatako eragile eta erakundeak batu dira, tokiko elkarteetatik hasi eta Ihoberaino edo URAraino.
Martxan jartzeko informazio guztia eskuragarri dago argitalpen batean, eta edozein zalantza, ekimen edo material-eskaera ewwr@ihobe.eus helbide elektronikora bidali daiteke.