Skip to main content

  Back

Europak 2030 baino lehen bete beharko den araudi berria du, airearen kalitateari buruz

Europa cuenta con una nueva normativa sobre la calidad del aire que deberá cumplirse antes de 2030
Europako Parlamentuak eta Europar Batasuneko Kontseiluak zuzentarau bat onartu dute, kontinente osoko airearen kalitateari buruzko arau eguneratuak ezartzeko. EBk 2050erako ezarri duen "zero kutsadura" da helburua, eta herritarren osasunari ematen dio lehentasuna.

Berrikusitako zuzentaraua joan den abenduan sartu zen indarrean, eta Nazio Batuen Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) lortzen laguntzen du, bereziki, 3, 7, 10, 11 eta 13 GJHak. Berritasunen artean, azpimarratzekoa da balio legegileak Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) jarraibideetara hurbildu izana, 2021ean eguneratu baitziren. Orduan, balio gidariak murriztu egin ziren, airearen kutsadurak giza osasunean duen eraginari buruzko ebidentzia zientifiko berrien aurrean.

Erregulatutako kutsatzaileen artean daude, adibidez, PM10 eta PM2,5 partikulak, nitrogeno dioxidoa eta sufre dioxidoa, arnasketa-arazoak eragiten dituztenak. Ozonoaren kasuan, epe luzerako helburu berri bat ezartzen da, 2050ean bete beharrekoa.


Airearen kalitatea EB osoan ebaluatzen da metodo eta irizpide komunak erabiliz, eta berrikusitako zuzentarauak hobekuntza berriak sartzen ditu airearen kalitatearen jarraipenean eta modelizazioan. Arau berriak 2030ean bete beharko dira, beranduenez.

Hala eta guztiz ere, estatu kideek epemuga 2035era arte luzatzeko eskatu ahal izango dute, baita 2040ra arte ere, baldintza jakin batzuk betetzen direnean, eta eduki jakin bat duten ibilbide-orrien babesarekin. Ibilbide-orri horiek 2030a baino lehen egin beharko dira.

Zuzentarauaren arabera, laginketa-puntuak biztanleria osoaren esposizioaren adierazgarri diren eremuetan ezarriko dira, bai hiri-hondoko kokapenetan, bai landa-hondoko kokapenetan. Pertsona gehienak hiri-inguruneetan bizi direnez, eta udalerriek emisioekin lotutako eremuak arautzen dituztenez, hala nola mugikortasuna edo hondakinen kudeaketa, funtsezko zeregina izango dute atmosfera garbiagoa lortzeko bidean. Informazioa jendeari zabaltzean ere izango dute rol garrantzitsua.