Skip to main content

  Back

Deriok trantsizio klimatiko eta energetikoratz egiten du aurrera Klima eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Planarekin 2030ra arte

Derio aborda la transición energético-climática con un Plan de Acción por el Clima y la Energía Sostenible hasta 2030

Deriok jasangarritasunarekin hartutako konpromisoak urrats erabakigarria eman zuen 2021ean, Udalak Klima eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana 2022-2030 (KEIEP) abian jarri zuenean. Ordutik, zazpi ildo estrategiko, 16 programa eta 48 ekintza hedatzen ari da udalerrian trantsizio energetikorantz aurrera egiteko.

Prozesua udaleko talde teknikoen eta ordezkari politikoen elkarlanarekin hasi zen, eta, horren ondoren, herritarrei eta tokiko eragileei ireki zitzaien, beren ideiak eta proposamenak emanez. Lankidetza horri esker, azken dokumentua 2022ko azaroan onartu zen.

KEIEP-ak funtsezko bi lege autonomikoetan oinarritzen da: 4/2019ko Legea, 5.000 biztanletik gorako udalerriei tokiko energia-planak egitea eskatzen diena, eta 1/2024ko Legea, emisioak murrizteko, energia-eraginkortasunerako eta energia berriztagarrietarako helburu zehatzak ezartzen dituena. Horrela, Derio eredu jasangarriago eta erresilienteago baterantz doa.

Plana lau faseetan egituratzen da: diagnostikoa, estrategia, ekintza-plana eta jarraipena. Lehenik, udalerriaren egoera energetikoa, karbono-aztarna eta klima-aldaketa arintzeko eta honetara egokitzeko gaitasuna aztertu ziren. Azterketa honetatik abiatuta, 2030erako jomugak ezarri ziren, zazpi ildo estrategikoetan, 16 programatan eta 48 ekintzatan zehaztuta. Hori betetzen dela ziurtatzeko, Udalak jarraipena egingo du bi urtean behin, eta ebaluazio osatuagoa lau urtean behin, Udalsarea 2030en e-mugi tresnaren laguntzarekin.

Helburu nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira: berotegi-efektuko gasen emisioak gutxienez %55a murriztea 2014. urtearekin alderatuta, %32 haztea autoproduzitutako energia, udalaren energia kontsumoa %35 murriztea eta eraikin publikoen eraginkortasuna hobetzea, klima arriskuen aurrean udalerriaren erresilientzia indartzeaz gain.

Aldi berean, Deriok ekintza klimatikoarekiko konpromisoa berretsi zuen urte bereko ekainean Alkateen Itunari atxikitzea sinatu zuenean. Itun hori klima-aldaketaren aurrean tokiko ekintza bultzatzen duen Europako ekimen bat da. Testuinguru horretan, hainbat ekintza zehatz identifikatu dira, bai arintzekoak, bai egokitzekoak.

Arintzearen esparruan, kiroldegian aire-girogailuak berritzea, udal eraikinetan eguzki plakak jartzea eta autokontsumo energetikoa sustatzea sartzen dira. Egokitzapenari dagokionez, saneamendu sareak birmoldatzea, klima-arriskuei buruzko hezkuntza programak garatzea eta klima mehatxuen aurrean jarduteko protokoloak egitea aurreikusten da. Gainera, bi ikuspegiak konbinatzen dituzten ekintzak definitu dira, hala nola klima irizpideak zerbitzu publikoetan aplikatzea.

2022-2030 KEIEPa onartuta eta Alkateen Itunarekin bat eginda, Derio udalerri erreferentea da jasangarritasunari eta ekintza klimatikoari dagokionez, eta plangintza estrategikoa eta

herritarren parte hartzea funtsezkoak direla erakutsi du, egungo eta etorkizuneko ingurumen erronkei aurre egiteko.