Skip to main content

  Back

Udalsarea 2030eko EGEen lantaldeak Irunen, Donostian eta Bilbon eremu horiek ezartzeko egindako aurrerapenak partekatu ditu

El grupo de trabajo de ZBE de Udalsarea 2030 comparte los avances en implantaciones en Irun, Donostia y Bilbao
Udalsarea 2030eko Emisio Gutxiko Eremuei (EGE) buruzko lantaldeak jarraipen-bilera berri bat egin du, euskal udalerriek eremu horiek ezartzeko egindako aurrerapenak partekatzeko eta garapen-prozesuan sortzen ari diren erronkei buruzko esperientziak trukatzeko. Urriaren 27an egindako topaketan, Irun, Donostia eta Bilboko udaletako ordezkariek parte hartu zuten, Eusko Jaurlaritzarekin, EUDELekin eta Ihoberekin batera.

Bilera horrek jarraipena eman dio Udalsarea 2030ek bultzatutako lankidetza-lanari. Lan horren emaitza izan zen ' Emisio Gutxiko Eremua: Udalsarea 2030 lantaldearen gakoak eta ikaskuntzak' dokumentua, hiru urteko esperientziak eta udalerriei eremu horiek ezartzeko prozesuan laguntzeko gomendioak biltzen dituena. Adostutakoari jarraituz, lantaldeak aldizkako bilera hauek egiten jarraituko du, neurrien bilakaera ezagutzeko, irtenbideak partekatzeko eta erronka berriei heltzeko.

Aurkeztutako aurrerapen nagusietako bat Irungoa izan da. Izan ere, 2026an zehar, udalerriak bere EGEaren proiektua eta haren funtzionamendua arautuko duen ordenantza prestatu ditu.

Oraingoan aurkeztutako aurrerapen nagusietako bat Irungoa izan da. Izan ere, 2026an zehar, udalerriak bere EGEaren proiektua eta haren funtzionamendua arautuko duen ordenantza prestatu ditu. Proiektua hiru dokumentutan egituratuta dago: diagnostikoa, diseinua eta memoria osagarriak. Diagnostikoan, hiria eta aurreikusitako eremuaren perimetroa aztertu dira, Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren (HMJP) proposamena erreferentziatzat hartuta. Horretarako, biztanleriari, ekipamenduei, airearen kalitateari eta ibilgailu-parkearen ezaugarriei buruzko informazioa bildu da. Azterketa egiteko, udalerrian zeuden zortzi neurketa-sentsoreen datuak eta Eusko Jaurlaritzak lagatako estazio mugikorrenak erabili dira.

Azterketa horretatik abiatuta, Udalak EGEaren helburuak zehaztu, mugaketa eta funtzionamendurako hainbat aukera aztertu eta ezarpenaren bi fase ezarri ditu. Sarbideak kameren bidez kontrolatzeko sistema bat ere aurreikusi du, bai eta airearen kalitatearen, mugikortasunaren eta zarataren jarraipena egiteko adierazle multzo bat ere. 2026ko azaroan onartzea aurreikusten zen ordenantzak hainbat salbuespen eta aldizkako sarbide ere jasotzen ditu. Herritarren parte-hartze prozesuaren ondorioz, testuan hainbat aldaketa egin dira; besteak beste, zaurgarritasun ekonomikoa salbuespen gisa sartzea eta adingabeen kontziliazioarekin eta segurtasunarekin lotutako kasu jakin batzuk jasotzea.

Bestalde, Donostiako EGEaren jarraipen-datuak partekatu ditu. Eremua 2025eko martxotik dago indarrean. Eremuaren barruan dagoen Easo neurketa-estazioko erregistroek aztertutako kutsatzaileen kontzentrazioak, oro har, murriztu egin direla erakusten dute. Hala ere, Udalak adierazi du beharrezkoa dela bilakaera aztertzen jarraitzea eta araudiak zein Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioek ezarritako airearen kalitatearen helburuetara hurbiltzea. Halaber, 2027a urte garrantzitsua izango dela azaldu du: urte horren amaieran ezarpenaren lehen fasea bukatuko da, eta B bereizgarria duten ibilgailuei murrizketa berriak aplikatuko zaizkie.

Bilboren kasuan, azken urtean ez da aldaketa nabarmenik izan. Udalak azaldu du EGEaren aurka aurkeztutako errekurtsoei lotutako ebazpen judizialaren zain dagoela, eta 2025eko datuak jasoko dituen jarraipen-txosten berri bat argitaratuko duela, lantaldeko gainerako udalerriekin partekatzeko.

Airearen kalitatea eta emaitzen ebaluazioa, erronka partekatuen artean


Bileran, airearen kalitatearen jarraipenarekin lotutako erronka teknikoei buruz ere sakondu dute. Besteak beste, neurketa-ekipoen adierazgarritasuna eta homologazioa, datuen eskuragarritasuna eta nitrogeno dioxidoaren (NO) eta PM10 eta PM2,5 partikulen bilakaera aztertu dituzte. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du neurketa-sarea diseinatzeko lanean ari dela, eta udalerriei eskatu die eskura dituzten azterlanak eta modelizazioak partekatzeko, hirietako airearen kalitatea hobeto aztertzeko.

2030erako ezarritako airearen kalitatearen helburu-balioak betetzeko aurrerapena ebaluatzeko beharra planteatu da.

Era berean, 2030erako ezarritako airearen kalitatearen helburu-balioak betetzeko aurrerapena ebaluatzeko beharra planteatu da, baita balizko ez-betetzeak aurreikusten direnean horien arrazoiak eta zuzentzeko aurreikusitako neurriak identifikatzekoa ere. Ildo horretan, udalerriek EGEen jarraipenari buruzko esperientziak partekatu dituzte, eta administrazioen eta sailen arteko lankidetzari eustearen garrantzia nabarmendu dute.

Topaketak agerian utzi du, beste behin, Udalsarea 2030ek udalerrien arteko truke teknikorako eta ikaskuntzarako gune gisa duen balioa. Esperientziak partekatzeak zailtasunak aurreikusteko, irtenbideak alderatzeko eta toki-erakundeei laguntzen jarraitzeko aukera ematen du, airearen kalitatea hobetzen eta mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egiten lagunduko duten emisio gutxiko eremuak garatzeko.