Turinek 2026ko Local Sustainability Award saria irabazi du, elikagai-soberakinak balio sozial eta ingurumeneko bihurtzen dituen proiektu bati esker
ICLEI Europek, Eskualdeen Europako Batzordearekin (CoR, ingelesezko siglengatik) eta Aalborg hiriarekin batera sustatutako saria Local Sustainability in Action topaketan iragarri zen. Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzak antolatu zuen topaketa, Eskualdeen eta Hirien Europako Astearen barruan.
Aurten, 13 herrialdetako hautagaitzak aurkeztu dira, eta hiru proiektu hautatu dituzte finalistatzat: Turin, Cascais (Portugal), trantsizio energetiko bidezko baterako ekosistemagatik, eta Mugla (Turkia), eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko eta berreskuratzeko duen ereduagatik. Hiru proiektuak nabarmendu dira egiturazko aldaketak bultzatzeko eta epe luzerako trantsizio jasangarriak sustatzeko duten gaitasunagatik, beste lurralde batzuetan ere errepika daitezkeen ekimenen bidez.2016tik dago martxan RePoPP, eta Turineko Udala, Eco dalle Città APS elkartea, Amiat udal-hondakin enpresa, merkatuetako saltzaileak eta beste erakunde publiko, pribatu eta sozial batzuk biltzen ditu. Ekimenaren funtzionamendua saltokiekin zuzeneko lankidetzan oinarritzen da: egun bakoitzaren amaieran, boluntario eta langile talde batek —Waste Sentinels edo Ecomori izenez ezagutzen dira, eta horietako asko errefuxiatuak edo asilo-eskatzaileak dira— saldu gabe geratu diren eta jateko moduan dauden elikagaiak biltzen ditu.
Elikagaiak sailkatu ondoren, komunitate-erakundeen eta elkartasun-ekimenen bidez banatzen dira. Berreskuratutako elikagaien zati bat Ecomori sukaldean otorduak prestatzeko ere erabiltzen da; kontsumitzeko egokiak ez diren hondakin organikoak, berriz, konpostajera bideratzen dira. Taldeak, gainera, merkatariekin lan egiten du merkatuetan bertan hondakinak bereizteko modua hobetzeko.
2025eko emaitzek ekimenaren irismena erakusten dute: 220 tona elikagai baino gehiago berreskuratu eta banatu ziren, 30.000 otordu inguru prestatu eta banatu ziren, eta berreskuratze-ekimenek hilean 5.000 pertsona ingururengana iritsi ziren.
Aintzatespen horrek agerian uzten du tokiko ekimenek hainbat erronkari batera heltzeko duten ahalmena: elikagaiak alferrik galtzea, hondakinen kudeaketa, gizarteratzea eta ekoizpen- eta kontsumo-eredu jasangarriagoetarako trantsizioa, besteak beste. Euskadiko udalerrientzat ere erreferentzia izan daiteke. Izan ere, administrazioen, gizarte-eragileen eta herritarren arteko lankidetza funtsezkoa da ekonomia zirkularrean eta hondakinen prebentzioan aurrera egiteko. Esparru horretan, Udalsarea 2030ek lankidetzarako gune bat eskaintzen du, tokiko ekintza bultzatzeko eta toki-erakundeen artean esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea errazteko.