Ingurumen-komunikazioaren Eskola. Biodibertsitatea eta Natura Ondarea komunikatzea
Eskola EHU-ko Uda Ikastaroen egitarauan sartzen da
Ingurumen-komunikazioaren Eskolak bi kezkagai handi uztartzen ditu, bai maila globalean bai tokiko mailan eragiten digutenak: komunikazioa eta ingurumena. Helburua da gogoetagune bat sortzea eta zenbait gako eskaintzea ingurumen-erronka handien komunikaziorako (dibertsitate-galera, ingurune naturalaren kontserbazioa, ekonomia zirkularraren ezarpena edo garapen jasangarria).
2020ko edizioan, biodibertsitateari eta ondare naturalari buruzko komunikazioari helduko zaio. Ikastaroaren helburua da aztertzea zer-nolako ekarpena egin dakiokeen komunikazioaren arlotik gure biodibertsitatearen ezagutza eta babesaren hobekuntzari, eta, horri lotuta, ekosistemek eta naturak eskaintzen dizkiguten zerbitzuen balioa nabarmentzea, zeren funtsezkoak baitira gure ekonomia eta ongizaterako.