Klima eta energia eta hondakinak izan dira nagusi Udalsarea 2030en Batzorde Teknikoan
Jardunaldiari hasiera emateko, Agate Goyarrola Udalsarea 2030eko idazkaritza teknikoko arduradunak sarearen azken hilabeteetako jarduera errepasatu zuen. Goyarrolak Oarsoaldean, Gorbeialdean, Uribe Kostan eta Debagoienan egindako lau eskualde-topaketak nabarmendu zituen. Topaketa horietan 25 toki-erakunde (21 udal eta lau eskualde-erakunde) eta 50 pertsona bildu dira, alkateen, zinegotzien eta teknikarien artean. Topaketa hauen helburua erakunde bakoitzaren erronkei ahotsa ematea eta loturak sendotzea izan da. "Espazio horiek aukera gisa ikustea nahi dugu", azaldu zuen Goyarrolak.
Ondoren, 2025erako aurreikusitako lan-ildoak aurkeztu ziren. Hondakinei dagokienez, gogorarazi zen amiantoaren udal-erroldak egiteko jarduera ugari daudela martxan. Gai horri dagokionez, zehaztu zen gida metodologikoak orain arte bi mila deskarga inguru izan dituela sarearen webgunetik; 45 kontsultari erantzun zaie amiantoudala@ihobe.eus postontziaren bidez 2024an, eta 2025ean 20 kontsultari; eta hainbat tresna digital eta dirulaguntza daude eskuragarri.
Gaur egun, 51 errolda egin edo prestatzen ari dira, 17 Araban, 18 Bizkaian eta 16 Gipuzkoan, eta aurreikusten da aurrera egiten jarraitzea saretik udalei eskainiko zaizkien baliabideetan eta prestakuntzetan. Hondakinei buruzko beste gai batzuei dagokienez, udal hondakinen tasak egiteko gida metodologiko bat eta tresna bat argitaratuko direla aurreratu zen. Hainbat udalek eta eskualdeko erakundek parte hartu dute gida hori egiten.
'Let 's clean up! Euskadi', ASTEKLIMA, Hondakinen Prebentziorako Europako Astea eta Basque Circular Summit 2025 urte honetako hitzordu nabarmenetako batzuk dira.
Bileraren lehen zatia 2025erako aurreikusitako herritarren sentsibilizazio kanpainen aurkezpenarekin amaitu zen. Lehenik eta behin, ‘Let 's Clean Up! Euskadi’, ingurune osasungarria eta zaborrik gabea mantentzearen garrantziari buruzkoa, martxoaren 27an jardunaldi birtual batean aurkeztuko dena. Eta Klima eta Energiaren Astea, ASTEKLIMA, urriaren 17tik 25era, trantsizio energetiko eta klimatikorako mobilizaziorako. Toki entitateek jarduera bat inskribatu eta ASTEKLIMA sarietan parte har dezakete, baita Klima Azoka ibiltaria hartu ere. Era berean, gogorarazi zen azaroaren 22tik 30era Hondakinen Prebentziorako Europako Astea egingo dela. Azkenik, gogorarazi zen apirilaren 2, 3 eta 4an Basque Circular Summit 2025 ospatuko dela, eta, bertan, udalerrientzako hainbat hitzaldi interesgarri egongo direla: 2an, konpontzeko eskubideari buruzkoa; eta 3an, udalerri zirkularrei buruzko saio bat eta Arabako hiriburuko Ekonomia Zirkularraren 2030 Estrategiari buruzko beste bat, Gasteizko Udalak emana.Klima eta energia ildo nagusi
Eguneko hurrengo puntua klima eta energiari buruzkoa izan zen, Udalsarea 2030en legegintzaldi honetarako lan-ildoetako bat. Mari Mar Alonso, Ihobeko Ekintza Klimatikoko zuzendaria, trantsizio energetikoari eta klima-aldaketari buruz indarrean dauden bi legeak gogoratuz hasi zen, 4/2019 eta 1/2024 (aurrekoa osatzen duena, eta neutraltasun klimatikorantz eta klima-aldaketaren aurreko erresilientziarantz aurrera egiteko arau-esparru bat ezartzen duena). Bere hitzaldian, Ihobek eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) hobekuntzak azaldu zituzten BEG isuriak neurtzeko tresnetan, eta hainbat ekimen aurkeztu zituzten, hala nola LIFE OCTOPUS proiektu europarra, Euskadin Udalsarea 2030en bidez artikulatuko dena.
Trantsizio energetikoko eta klima-aldaketako ekintzari dagokionez, urtero eguneratzen diren 2022ko datuen arabera, Alonsok adierazi zuen "udalerrien % 20 aktibo daudela. 51 tokiko klima- eta energia-plan egiten ari dira, eta 41 argitaratu dira. Hala ere, EAEko udalerrien % 10 bakarrik dago Alkatetzen Itunari atxikita".
5.000 biztanletik gorako udalerriek Klima eta Energiaren Tokiko Plana egin behar dute, 1/2024 Legea onartu eta bi urteko epean.
Ondoren, 5.000 biztanletik gorako udalerriek 1/2024 Legea onartu eta bi urteko epean egin behar dituzten klimaren eta energiaren tokiko planen (TKEP) xehetasunak hurbildu ziren. Gida metodologiko bat dago, legearen aurrekoa bada ere, arau-esparrua kontuan hartzen duena. Alkatetzen Itunari dagokionez, atxikitzearen garrantzia azpimarratu zuen Alonsok: "Konpromiso politikoa da, eta bi urteko epean bete behar da maila teknikoan, TKEP bezalako plan baten bidez, eta horretarako dirulaguntzak daude. Euskadin, hasieran atxiki ziren 26 udalerrietatik, hamarrek bakarrik ( % 38) berritu dituzte konpromisoak eta aktibo mantentzen dira".Derioko Udala bileran izan zen arlo horretan duen esperientzia kontatzeko. Maite Bilbao udal arkitekto teknikoak azaldu zuenez, zailena Planaren hasieran eman beharreko informazioa da: "Gogaikarriagoa da. Gero, bi urtean behin, jarraipen- eta ebaluazio-txostenak egin behar dira. Udalsarea 2030ek eskaintzen duen e-mugi tresnaren bidez egin ditugu, lana asko errazten baitu". Bilbaok tokiko erakundeak Alkatetzen Itunarekin bat egitera animatu zituen, "jarraitu beharreko bidea" delako, eta bai Udalsarea 2030ek, e-mugi bezalako tresnekin, bai EEE eta Ihobek laguntza handia eskaintzen dutela azpimarratu zuen. "Ebaluaziorako eta jarraipenerako, e-mugik asko errazten du lana, eta tresnari esker, Planaren aurrerapena ere ikus daiteke. Orain, 2030 Estrategian murgilduta gaude, eta estrategia hori e-mugin sartu ahal izateko egituratzen ari gara, ebaluatzeko".
NOKeko lantaldeak eremu publikoaren birnaturalizazioa, HDSJak, garraioa, estalki berdeak eta eskola-jolastokiak identifikatu ditu jarduera-eremu nagusi gisa.
Bileraren atal hau amaitzeko, Naturan Oinarritutako Konponbideak (NOK) jorratu ziren egokitzapen-tresna gisa. Euskadin hainbat argitalpen daude, azkena 2024koa. Gainera, NOK ekimen gehiago daude identifikatuta Euskadin. Horretarako, online gordailu bat prestatu da, laster argitaratuko dena eta udalei eta/edo enpresei beren NOKak kargatzeko aukera emango diena. Eremu horretan, halaber, lantalde bat dago, eta bertan parte hartzen dute NOKen balio-kate osoan inplikatutako eragileek. Lantalde horrek irtenbide hauek bultzatu nahi ditu, eta horiek bultzatzeko oztopo nagusiak identifikatu ditu: diseinurako araudirik eta irizpiderik eza, inplikatutako eragileen konpromisorik eza eta ezagutzarik eta esperientziarik eza. Jarduera-eremu nagusiak ere antzeman ditu: espazio publikoaren birnaturalizazioa, Hiri Drainatze Sistema Jasangarriak (HDSJ), garraioa, estalki berdeak eta eskola-patioak.
Tokiko ekoberrikuntza
Bertaratutako erakundeek 'living lab' bat hartzeko interes handiagoa agertu zuten, eta, intereseko gaien artean, NOKek lortu zuten boto gehien.
Batzorde Teknikoaren bileraren hurrengo puntua tokiko ekoberrikuntza ezartzeko tresnei buruzkoa izan zen, Aitor Sáez de Cortazar Ihobeko Estrategia eta Berrikuntza arloko teknikariaren eskutik: "Udalerriarentzat balio erantsi handiko proiektuak bilatzen ditugu, intereseko alderdiak hobetzeari dagokionez, ehun ekonomikoarentzat, enpresa- eta sozioekonomia-aukera berriak lortzeari begira. Horretarako, beharrezkoa da tokian-tokian berritzeko modu berriak martxan jartzea". Soluzioak testatzeko hiru modu aurkeztu ziren, 'living lab', 'test beds' eta 'sand box', eta proiektuak hedatzeko lehentasunezko eremu gisa identifikatu ziren NOKak, ekonomia zirkularra eta lurzoruaren eta ekosistemen babesa. "Orain metodologia gidatu behar da eta aplikazio edo proiektu zehatzak gauzatu. Aurtengo helburua hiru 'living lab' edo ‘test beds' definitzea da; bilatu behar dugu non". Bertaratutako erakundeek 'living lab' bat hartzeko interes handiagoa agertu zuten, eta, intereseko gaien artean, NOKek lortu zuten boto gehien.Hondakinak, lehentasunezko beste eremu bat
Azkenik, hondakinen arloan, ingurumen-profila aurkeztu zen, aditua ez den publiko bati zuzendutako ingurumen-gai jakin bati buruzko dokumentu tekniko bat. 2015az geroztik, Udalsarea 2030ek uraren, airearen, lurzoruen eta abarren gainean egin ditu batzuk, eta, aurten, udal-hondakinen gainean egiten ari da beste ale bat.
Parte-hartzaileek, taldekako dinamika baten bidez, tokiko erakundeek hondakinei dagokienez dituzten erronka nagusiak identifikatu zituzten.
Bilera amaitzeko, talde-dinamika bat egin zen, toki-erakundeentzako lehentasunezko erronkak identifikatzeko. Talde bakoitzak bost garrantzitsuenak aukeratu zituen eta, bateratzean, honako hauek nabarmendu ziren: hondakinen tasa, herritarren sentsibilizazioa (tamaina handiko tresnetan edo ordutegietan, esaterako), birziklatzearen ehunekoa handitzea eta bereizketa hobetzea (bereziki organikoa), sorreraren araberako ordainketan aurrera egitea, sakabanatutako zaborrak edo edukiontzian sartzen ez direlako espaloian geratzen direnak, autokonpostajea eta inausketa eta lorezaintza.