Udalsarea 2030ek 20 urte bete ditu gaur
Sortu zenean Udalsarea 21 izena hartu zuen Udalerri Jasangarrien Euskal Sarea 2002ko abenduaren 20an eratu zen, 16 udalerrik parte hartuta. Sare sortu berri hartan udalerri hauek hartu zuten parte: Arabako Amurrio, Laudio eta Gasteiz; Bizkaiko Alonsotegi, Basauri, Erandio, Gordexola eta Santurtzi; eta Gipuzkoako Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Donostia, Legazpi, Oiartzun, Tolosa eta Zarautz.
Hasieratik, Ihobe – Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak funtsezko zeregina izan du sare hori garatzeko prozesuan; izan ere, Idazkaritza Teknikoa bere gain hartu du, eta parte hartzen duten erakundeek tokiko garapen jasangarriarekin duten konpromisoa sendotu du, beren Tokiko Agenda 21en bidez.
Sarea EAEko administrazio publikoen arteko koordinazio-foro bat eratzeko asmoarekin sortu zen, udal-eremuan jasangarritasuna sustatzeko eta Tokiko Agenda 21 euskal udalerrietan ezartzen aurrera egiteko, EAEko 2020rako Ingurumen Esparru Programan ezarritako helburuekin bat etorriz.
Bi hamarkada hauetan zehar, sareak 240 euskal udalerrik tokiko jasangarritasuneko ekintza-planak izatea lortu du, EAEko biztanleriaren % 98ra iritsiz.
Gaur egun, hiru lurralde historikoetako 152 udalerrik, 21 eskualde-erakundek eta udalaz gaindiko 10 erakundek hartzen dute parte sarean. 200 udalerri inguru daude ordezkatuta Udalsarea 2030ean.
Udalsarea 2030ek euskal udalerri eta erakundeentzat beharrezkoa den erreferentzia izatea lortu nahi du, bere zerbitzu aurreratu eta berritzaileei esker, eta 2030 Agendarekin bat egiten duelako eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuei egiten dien ekarpenari esker, batez ere klima-neutraltasunaren eta -erresilientziaren, lurzoruaren babesaren eta ekonomia zirkularraren esparruetan.
Udalsarea 2030en lorpenak
Hona hemen Udalsarea 2030 sareko kideek 20 urte hauetan izan dituzten beste lorpen batzuk:
- Berrogeita hamar bat udalerri Tokiko Agenda 2030ean lanean.
- Klimarako eta Energiarako Alkatetzen Nazioarteko Itunari atxikitako 25 euskal udalerri.
- EAEko 55 udalerrik klima (arintzea eta egokitzea) eta energia lantzeko planak egin dituzte, dagoeneko badituzte edo lantzen ari dira.
- 2016az geroztik beste 38 udalerrik euren udaletako Berotegi Efektuko Gasen eta Karbono Aztarnaren Isurketen Inbentarioa kalkulatzen dute urtero.