Skip to main content

  Atzera

Udalsarea 2030 aurrera doa 2030 Agendaren jomugen azterketan, tokiko eremutik ekarpenak egiteko

Udalsarea 2030 avanza en el análisis de las metas de la Agenda 2030 a las que contribuir desde el ámbito local
2030 Agendari buruzko lantaldearen laugarren saioan GJH hauek landu ziren: 8. GJH, Lan duina eta hazkunde ekonomikoa; 9. GJH, Industria, berrikuntza eta azpiegitura, eta 10. GJH, Desberdintasunak murriztea. GJH horiek, OPAROTASUNAren blokean bilduta, aurrerapena eta oparotasuna sustatzea dute helburu, kalitatezko enpleguaren, ekintzailetzaren kulturaren edo berrikuntzaren bidez, eta ingurunearekin harmonian eta pertsona guztiek aukera berberak izan ditzaten lan eginez.

Beste udalerri batzuetako esperientziak eta ekimenak partekatzea aukera bat da garapen jasangarriaren aldeko apustua egiten duten toki-erakundeentzat, aukera ematen baitie beren udalerrietarako interesgarriak izan daitezkeen ekimenak ezagutzeko eta 2030 Agendak ezartzen dituen helburuak lortzen aurrera egiten jarraitzeko.

Horregatik, lantaldearen saio horretan 4 esperientzia praktiko berri aurkeztu ziren, saioaren GJHei lotuta:

Irungo Udalak, Irun Ekintzan ekimenarekin batera, 2030 Agendarekin eta GJHekin bat egiteko egindako lana aurkeztu zuen. Irun Ekintzan ekimena hiriko ekonomia- eta enplegu-ekosistema osatzen duten eragile guztien topagunea da, eta udalerriko ekonomia eta gizartea suspertzea du helburu. Pertsona guztiak lanean txertatzea eta sartzea du xede, eta aldi berean, ingurumenarekiko errespetua bermatzea. Egindako lanaren esparruan, aztertu beharreko adierazle ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak identifikatu dituzte, eta horien jarraipena egingo da, baita 2021-2025 epean landu beharreko ekintza-ildoak ere. Egituratzen den hiru lan-nukleoetako bakoitzean (Enpresa eta ekintzailetza mahaia, Kualifikazioa eta Laneratzea mahaia eta Merkataritza mahaia) gauzatu beharreko ekintzak identifikatu dituzte, baita 2030 Agendaren zein GJH eta jomugari lagundu behar zaion ere.

Gasteizko Udalak, Basaldea, enpresa agroekologikoen zentroa jarri du martxan, Ekonomia-Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailetik. Basaldea, nekazaritza ekologikoko enpresa-mintegia, «hainbat udal-estrategiaren arteko bidegurutzea» da, eta zenbait GJHri eragiten die: 2. GJH, goserik ez; 8. GJH, lan duina eta hazkunde ekonomikoa; 11. GJH, hiri eta komunitate jasangarriak; 12. GJH, ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, eta 15. GJH, lehorreko ekosistemetako bizitza.

Gasteizek espazio eta lur eremu zabala du hiritik gertu, eta enplegu-hobi gisa aprobetxa zitezkeen. Testuinguru horretan, Basaldea abian jarri zen, nekazaritza-ustiategi ekologiko berriak sortzen laguntzeko, pertsona interesdunei lurra eskuratzea erraztuz eta Arabako nekazaritzako produktu ekologikoen ekoizpenaren eta banaketaren sektorearen inguruan enplegua eta negozioak sortzea sustatuz. Proiektuak 4 lan-ildo ditu:
  • Nekazaritzaren arloan interesa duten pertsonei prestakuntza eskaintzen zaie.
  • Enpresa-mintegiaren bidez, laguntza eta beharrezko baliabideak ematen dira baratzezaintza ekologikoaren sektorean profesionalki hasteko lanean (lurrak, espazio komunak, erabilera partekatuko lanabesak eta tresnak, etab.).
  • Arabako nekazaritza-produktua banatzeko eta merkaturatzeko bideak diseinatzen dira, eta lankidetzak sortu dira balio-kateko eragileen artean.
  • Komunikazioa bultzatzen da, tokiko produktuen, produktu ekologikoen eta sasoiko produktuen kontsumoaren onurez sentsibilizatuz.
Gainera, mintegian pertsona bat dago, interesdunei edo erabiltzaileei aholkularitza emateko, eta mintegia kontrolatzeko eta kudeatzeko.

Donostiak turismo-ostatuen eskaintza zabala du (hotelak eta ostatuak, oporretarako apartamentuak, etab.); urtero turista kopuru handia du, eta turismo-sektorea BPGdaren % 15 da. Testuinguru horretan eta turismoaren sektoreak hirian duen garrantzia ezagututa, azken urteotan udalak hainbat ekimen eta programa jarri ditu abian sektore turistiko jasangarriago baterantz aurrera egiteko helburuarekin.

2021ean, Zero plastik hotelak programa jarri zuen martxan, Donostia Turismoarekin batera. Hiriko hotelei laguntzeko zerbitzu bat da, eta oso ezaugarri desberdinetako 18 hotelek parte hartu dute (luxuzko hotelak nahiz pentsioak). Horiek Donostiako hotel-establezimenduen ia % 26 dira. Zerbitzu horren esparruan, establezimendu bakoitzaren diagnostikoa egiteaz gain, establezimendu bakoitzean ezarri beharreko jardunbide egoki batzuk identifikatu dira, eta langileei eta bezeroei zuzendutako material osagarria sortu da (liburuxkak, eranskailuak, sustapen-bideoak eta abar). Gainera, «Zero plastik sardina» izeneko sari/aintzatespen bat sortu da, eta programan parte hartzen duten establezimenduen artean banatu da.

Zarauzko Udalak IKASLAGUNAK programa aurkeztu zuen, Hezkuntza Sailak sustatua eta udaleko beste sail batzuekin lankidetzan. Udalak laguntza-talde edo -sare bat sortu du zailtasun ekonomikoak dituzten eta laguntza akademikoa behar duten pertsonentzat. Ekimen horren helburua da haurrei eta nerabeei laguntza akademikoa ematea, borondatez lan egiten duten pertsonen sare baten bidez. Baina ez da ikasketetan bakarrik zentratzen, jolasak ere egiten dira, eta horrek hainbat ikastetxetako ikasleen arteko sare bat sortzen laguntzen du, euskararen ezagutza eta erabilera ezagutzeko eta indartzeko tresna gisa.

Programa horrek hainbat eremutan du eragina:
  • Alde batetik, laguntza akademikoa jasotzen duten haur eta gazteen autoestimua hobetzen da; izan ere, kalifikazio akademikoak hobetzeaz gain, ikasgelara etxeko lanak eginda joateak ikasketekiko jarrera hobetzen du.
  • Laguntza-sare bat sortzen da; izan ere, kasu batzuetan haur eta gazte horiek ezin dute gurasoen laguntzarik izan etxeko lanak egiteko orduan, ez dakitelako edo lanean ari direlako. Horregatik, lotura pertsonal eta afektibo bat ere sortzen da erabiltzaileen eta boluntarioen artean.
  • Eta, azkenik, boluntario asko erretiratuak dira. Programan parte hartzea aktibo egoteko modu bat da haientzat, eta ongizatea hobetzen laguntzen die.
Maiatzean 2030 Agendari buruzko lantaldearen 5. eta azken lan-saioa egingo da, eta bertan GJH hauek landuko dira: 16. GJH, bakea, justizia eta instituzio sendoak, eta 17. GJH, helburuak lortzeko itunak.

18 GJHen lan-saioak egin ondoren, lan-jardunaldi horietan parte hartu duten erakunde guztiei azken saio baterako deialdia egingo zaie, eta saio horietan guztietan bildutako emaitza orokorrak, ondorioak eta proposamenak azalduko dira bertan.