Skip to main content

  Atzera

EAEko udalen % 90 Udalsarea 2030 sareari atxikita dago

El 90 % de ayuntamientos vascos está adherido a Udalsarea 2030
Udal jasangarrien euskal sareak, Udalsarea 2030ek, 2026ko Plan Estrategikoaren iazko betetze-maila aztertu du. Ebaluazioa e-mugi tresnaren bidez egin da. Sareak berak udalen eta eskualdeko erakundeen eskura jartzen du tresna hori, tokiko jasangarritasun-planen kudeaketa eta jarraipena errazteko.

Plan Estrategikoaren ezarpena % 40an dago.

Emaitzen arabera, Plan Estrategikoaren ezarpenak aurrera egin du arrakastaz, eta dagoeneko % 40an dago, 2022an % 21 zen bitartean. Planak hiru helburu nagusi ditu: Tokiko Agenda 2030 sustatzeko eta Udalsarea 2030 Euskal Agenda 2030ean kokatzea; tokiko ekintza jasangarriak sustatzea; eta tokiko ekintza jasangarriaren aliantzak indartzea eta horiei ikusgarritasuna ematea. Hori lortzeko, zortzi jarduera-ildo eta 27 ekintza zehatz ezarri ditu, eta horietatik 26 dagoeneko martxan daude.

Udalaz gaindiko 11 erakunde, 23 eskualde erakunde eta 225 udal Udalsarea 2030ra atxikita daude.

2024an, ebaluazioaren arabera, 2030 Tokiko Agendaren sustapenak bide egokia jarraitu du: Sareak 2022an baino % 14 erakunde gehiago ditu atxikita, 259 guztira. Udalerriz gaindiko 11 erakundetan, eskualdeko 23 erakundetan eta 225 udaletan banatzen dira, hau da, EAEko udalerrien % 90 Udalsarea 2030i atxikita daude. Asebetetze maila orokorra 10etik 8koa da, Sarea plangintza, politika eta araudien kontraste-plataforma gisa indartu den urtean.

Eremu horretan, ordea, ez da bete Tokiko Agenda 2030 duten erakundeentzako helburua: 2022an zeuden 64 erakundeetatik, joan den urtean 68ra baino ez ziren igo, eta 2026rako helburua 123 dira.

Tokiko ekintza jasangarria ikusarazteko eta aliantzak egiteko helburuari dagokionez, betetzat jotzen da. Zehazki, analisiaren arabera, aliantza estrategikoak lortu dira 15 erakunde laguntzailerekin (besteak beste, ICLEI, FEMP edo Eustat), eta tokiko ekintza jasangarriko 107 jardunbide egoki ikusarazi dira Udalsarea 2030en webgunean.

Proiektu berritzaileak bultzatzeko eta Erosketa Publiko Berdearen Programari atxikitzeko beharra antzeman da.

Tokiko ekintza jasangarria bultzatzeari dagokionez, partzialki baino ez da bete. Ebaluazioak ondorioztatzen du gainditu egin dela Klima eta Energia Tokiko Planei dagokienez 2026rako ezarritako helburua (61), 2024rako 65 egin baitira (2022an, zifra hori 60koa zen). Hala ere, gainerako ekintzak oraindik garatzen ari dira: 2026rako markatutako 45 proiektu berritzaileetatik, 2024rako 21 baino ez dira zenbatzen, nahiz eta 2022an zeuden 15en aldean handitu diren; eta Erosketa Publiko Berdearen Programarako atxikimenduei dagokienez, 2022tik kopurua 8tik 9ra igaro da, 2026rako Planaren helburuak ezartzen dituen 60etatik oso urrun dagoen datua.

Sarearen lehentasunak datozen urteetarako


Udalsarea 2030ek, hurrengo legegintzaldian, lehentasunezko bi lan-eremu izango ditu. Alde batetik, ekintza klimatikoa, udalerriekin batera lan egingo duena, arintzeko eta egokitzeko proiektuak garatzeko. Zehazki, 2030erako, isuriak % 45 murriztea bilatuko da, 2005. urtearekin alderatuta; neutraltasun klimatikoa lortzea, beranduenez 2050ean, baina 2045a baino lehen; eta klima-aldaketaren aurrean lurraldeak duen erresilientzia handitzea.

Bestalde, hondakinak lehentasunezko beste ildo bat izango dira, bai prebentzioaren arloan, bai hondakinak behar bezala kudeatzearen arloan. Horrela, 2030erako, hondakin guztien sorrera-tasa % 30 murriztea bilatuko da, 2016arekin alderatuta. Ordurako, berriz, hiri-hondakinen gaikako bilketa % 85era arte handitzen saiatuko dira.