Tolosaldeko udalerriek klima, energia eta hondakinen erronkak partekatu dituzte Udalsarea 2030en eskualdeko topaketan
Topaketaren helburu nagusia sareak dituen lan ildoak aurkeztea zen eta, aldi berean, udalerrien lehentasunak ezagutzea, eskualde mailan lantzen ari diren ekimen nabarmenen egoera partekatuz. Testuinguru horretan, Udalsarea 2030ek udalerrien eskura dauden baliabideak eta tresnak aurkeztu zituen, baina eztabaidaren erdigunean udalerrien egunerokoan sortzen diren zalantzak eta behar praktikoak jarri ziren.
“Eskualdeko Klima eta Energia Plana udal guztien parte-hartzearekin landu da”.
Klima eta energiaren arloan, Tolosaldea Garatzeneko Garbiñe Mendizabalek azaldu zuen eskualdeko Klima eta Energia Plana egin berri dutela eta datozen asteetan onartzea aurreikusten dela. Eskualdeko udal guztien parte-hartzearekin landutako planak 4/2019 eta 1/2024 legeek ezarritako betebeharrak barneratzen ditu, eta egokitzapena eta arintzea modu integralean jasotzen ditu. Testuinguru horretan, azaldu zuen egokitzapenari lotutako ekintzak erronka handia direla eskualdeko udalerrientzat, oraindik jakintza eta esperientzia gutxiago dagoelako arlo horretan. Ildo horretan, Naturan Oinarritutako Konponbideen (NOK) bisorea bezalako baliabideek erreferentzia eta orientazio gisa balio dezaketela nabarmendu zen.“Beste udalerrien esperientziak ezagutzea funtsezkoa da tokiko plangintza errazteko”.
Udalerrietako ordezkariek hainbat gai zehatz jarri zituzten mahai gainean. Tolosako Udaleko energia teknikariak, Amaiur Mikeok, Klima eta Energia Planak egiteko gidak baliagarriak direla adierazi zuen, baina jarraipena eta ebaluazioa egiteko euskarri praktiko gehiago behar direla azpimarratu zuen. Ildo horretan, beste udalerriek garatutako ekimenen adibideak eta erreferentziak ezagutzea lagungarria izan daitekeela nabarmendu zen.“Helburua da lege-eskakizunei erantzutea, baina plan errealistak eginez”.
Bestalde, Tolosako Ingurumen zinegotziak, Aitor Agirresarobek, planek izan beharreko sakontasun mailari buruzko kezka azaldu zuen, udalerri askok dagoeneko klima-aldaketaren aurkako planak dituztela kontuan hartuta. Udalerrien interesa argia izan zen: lege-eskakizunei erantzutea, baina aldi berean plangintza errealista eta tokiko gaitasunetara egokitua izatea.
Hondakinen arloan, amiantoaren errolden inguruko betebeharrak eta erantzukizunen banaketa izan ziren eztabaidagai, baita hondakinen tasaren kalkulua eta hondakinen ordenantza teknikoaren eguneraketa ere. Tolosako ordezkariek ordenantza eguneratzean komunitateko konpostajeari buruzko araudia nola jasoko den euren kezka azaldu zuten: “Bi konpostaje gune ditugu eta araudi berriak nola eragingo duen jakin nahi dugu”.
Topaketaren amaieran, parte-hartzaileek jardunaldia oso baliagarritzat jo zuten, eskualdeko ikuspegi partekatua izateko eta udalerrien artean kezkak eta irtenbideak kontrastatzek aukera eman duelako. Halaber, udalerrien eskura dauden baliabideak eta estekak dokumentu bakarrean jasotzea bereziki lagungarria dela nabarmendu zuten. Udalsarea 2030ek eskualdeko topaketen bidez elkarrizketa eta lankidetza espazioak indartzen jarraituko du, tokiko jasangarritasun politikak modu koordinatuan aurrera eramateko.