Skip to main content

  Atzera

Udalerri txikiak, giltzarri Europako erresilientzia klimatikoan

Los pequeños municipios, clave en la resiliencia climática en Europa
Europako Ingurumen Agentziak (EEA) Small but mighty — climate resilience in Europe's small municipalities txostena argitaratu du. Bertan, udalerri txiki eta ertainek klima-aldaketara egokitzeko eta haien erresilientzia indartzeko duten zeregina aztertzen da.

Dokumentuaren arabera, tokiko komunitate txikiek funtsezko zeregina dute Europako klima-aldaketari erantzuteko.

Dokumentuaren arabera, tokiko komunitate txikiek funtsezko zeregina dute Europako klima-aldaketari erantzuteko, biztanleriaren % 40 baino gehiago biltzen baitute. Hala ere, azpimarratu du udalerri horiek zailtasun handiagoak izaten dituztela egokitzeko neurrien plangintzan eta betearazpenean aurrera egiteko, batez ere baliabide teknikoak, finantzarioak eta giza baliabide mugatuak dituztelako.

Txostenak egiaztatzen du klima-aldaketara egokitzeko prozesua abian dela Europako hainbat udalerritan, nahiz eta garapen-maila desberdinak izan. Batzuek estrategia eta plan egituratuak dituzten bitartean, beste batzuk oraindik hasierako faseetan daude edo jarduera puntualen mende daude. Identifikatutako oztopo nagusien artean daude gaitasun tekniko espezializatuen falta, finantzaketa egonkorraren eskasia eta maila anitzeko gobernantzaren konplexutasuna.

Muga horiek gorabehera, EEAk udalerri horietan erresilientzia bultzatzen laguntzen duten faktoreak nabarmentzen ditu. Besteak beste, administrazioen arteko lankidetza, ezagutza trukatzeko sareen zeregina, tokiko lidergoa eta klima-egokitzapena pixkanaka integratzea sektore-politiketan, hala nola hirigintzan, uraren kudeaketan, energian edo osasun publikoan.

Txostenaren ondorioak bereziki garrantzitsuak dira Euskadikoa bezalako testuinguetarako, non Udalsarea 2030 bezalako sareek zeregin garrantzitsua duten laguntza teknikoan.

Txostenaren ondorioak bereziki garrantzitsuak dira Euskadikoa bezalako testuinguetarako, lurraldearen zati esanguratsu bat tamaina txikiko eta ertaineko udalerriek osatzen baitute. Esparru horretan, Udalsarea 2030 bezalako sareek zeregin garrantzitsua dute laguntza teknikoan eta toki-erakundeen arteko lankidetza bultzatzean, gaitasunak garatzen eta lurralde-errealitate bakoitzari egokitutako konponbideak abian jartzen lagunduz.

EEAren txostenak, horrela, tokiko ekintzak klima-aldaketari erantzuteko duen garrantzia indartzen du, eta agerian uzten du lurralde erresilienteagoetarantz aurrera egitea, neurri handi batean, udalerriek lankidetzan aritzeko, planifikatzeko eta modu koordinatuan jarduteko duten gaitasunaren mende dagoela, lankidetza-esparru eta -sare egonkorren laguntzarekin.