Skip to main content

  Atzera

Grenoblek bere azaleraren 20.000 m² birdiseinatu ditu bere herritar eta haurrentzat

Grenoble rediseña 20,000 m² de su superficie para su ciudadanía y su infancia
Grenoble hiriak 2025eko Tokiko Jasangarritasun Saria eskuratu du, bere eskola-eremuen birdiseinu eraldatzaile batekin. ICLEI - Jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen sareak jarri du abian saria aurten, Bertelsmann Stiftung fundazioarekin, Eskualdeen Europako Batzordearekin, Danimarkako Aalborg udalerriarekin eta EIB – European Investment Bankekin batera.

Frantziako udalerriak ‘Breath of Schools’ proiektuagatik jaso du saria, "pertsonengan eta tokian oinarritutako eraldaketagatik, hiri-jasangarritasuna oinarritik birplanteatzen duena".

Zehazki, proiektuak bere kaleetatik 20.000 m² baino gehiago berreskuratu ditu haurrentzat eta komunitate-bizitzarentzat, asfaltoaren ordez gurasoekin, egoiliarrekin eta haurrekin batera diseinatutako espazio berdeak eta interaktiboak jarriz.

Horrela, ICLEIren arabera, "Grenoblek gizarte- eta ingurumen-inpaktu eskuragarria eta eraldatzailea lortu du, Aalborgeko Konpromisoen ildotik, hiri-espazio garrantzitsuenetako batean: eskolen inguruan". Izan ere, dagoeneko aldaketa kuantifikagarriak lortu ditu: gurasoen % 30 oinez edo bizikletaz mugitzen dira. Gainera, airearen kalitatea eta segurtasuna hobetu ditu eta espazio publikoaren ekitatea bultzatu du.

Proiektuaren gakoetako bat da ez dela esku-hartze puntual bat, hiri osorako programa bat baizik: Grenoble eskolaz eskola bere eskola-espazioak birdiseinatzen ari da, auzo guztietan bizitzeko moduko kaleen sare konektatu bat sortuz. "Kaleak berriz ere jolasaren, zaintzaren eta klima-aldaketaren aurkako erresistentziaren inguruan zentratzean, Grenobleko ereduak erakusten du hiriek pertsonak eta planeta senda ditzaketela, eta, aldi berean, espazio publiko inklusiboagoa eta iraunkorragoa eraiki", dio ICLEIk.

Euskadi ere maila anitzeko lana egiten ari da eskola-espazio osasungarriak eta iraunkorrak sustatzeko.

Eredu hori ere mahai gainean dago Euskadin: joan den azaroan, Udalsarea 2030ek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak antolatutako topaketa batean berrogeita hamar udal erakunde, udalez gaindiko erakunde eta elkarte inguru bildu ziren. Bertan, eskola-ingurune osasungarri eta jasangarriei buruz hausnartu zuten, gune horien eraldaketa erraztuko duen eskuliburu bat idazteko prozesuan funtsezkoa den elkarrizketa-jardunaldi horretan.