Euskadiko Mugikortasun Jasangarriko Plana garraiobideen integrazioa eta eraginkortasuna hobetzea bilatuko du
Proiektuak datorren hamarkadarako autonomia-erkidegoko mugikortasunaren plangintza jasotzen du, bost urtean behin berrikuspenak eginez. Herritarrek egunero erabiltzen dituzten komunikabideen AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak) azterketa batetik abiatzen da (6,5 milioi joan-etorri egunero lanegun batean, horietatik % 99 Euskadi barruan), baita eskualdekako diagnostiko batetik ere (arlo funtzionalak).
Euskadiko Mugikortasun jasangarriaren plan honen helburua da garraiobideen integrazioa hobetzea, haien eraginkortasuna hobetzeko, iraunkortasun-irizpideak kontuan hartuta eta irisgarritasun unibertsala bermatuz. Trenbidez, autobusez, oinez, ibilgailu pribatuan... garraiatzeaz gain, aire-, itsas eta logistika- eta merkantzia-mugikortasuna ere kontuan hartzen ditu.
Udalerrietan izango duen eragina
Proiektuak zirkulazioa baketzeko neurriak udalerri ertainetara zabaltzea planteatzen du
Egindako diagnostikotik abiatuta, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriko Planak ehun jarduera zehatz baino gehiago definitu ditu epe labur, ertain eta luzera. Adibidez, zirkulazioa baketzeko neurriak udalerri ertainetara zabaltzea planteatzen du, Estatuko araudiaren arabera hiri handiak dagoeneko ezartzen ari diren Emisio Gutxiko Eremuekin (EGE) paraleloan.
Hala, 25.000 biztanletik gorako herrietan EGEak bultzatzea jasotzen du proposamenen artean, eta horrek udalak inplikatzea bilatuko du garraio iraunkorragoak lehenesteko, hiriguneetarako irisgarritasuna hobetzeko eta emisioak eta ingurumenaren gaineko inpaktua murrizteko. Proposamen horrekin, bederatzi udalerri berrietan ezarriko lirateke EGEak: Basauri, Durango, Errenteria, Eibar, Galdakao, Leioa, Portugalete, Santurtzi eta Sestao.
Oraingoz, EAEko sei udalerrik bakarrik bete behar dute araudi hori
Estatuko araudiaren arabera, une honetan 50.000 biztanletik gorako udalerriek bete behar dute erregulazio hori. Euskadin, baldintza hori betetzen dute Barakaldok, Bilbok, Donostiak, Getxok, Irunek eta Gasteizek. Horiek guztiak ildo horretan dagoeneko lanean ari dira, eta Udalsarea 2030ek bultzatutako EGEen lantaldeko kide dira. Lantalde horretan, esperientziak, oztopoak, mugak edo arazoak parteka ditzakete beren diseinu- eta ezarpen-prozesuan.
Euskal udalak inplikatuko dituzten proposamen gehiago izango dira, besteak beste, disuasio-aparkalekuak sortzea, hiriarteko autobus- edo tren-geltokien inguruan, kargatzeko puntuekin; errei itzulgarriak eta autobus- eta okupazio handiko ibilgailu erreiak sortzea aztertzea hiru hiriburuetarako sarbidean; autobus-flotetan irisgarritasun-hobekuntzak ezartzea; edo dentsitate handiko hiri-autobusen lineen elektrifikazioa bultzatzea.
Plan horren oinarrizko dokumentua, orain jendaurrean eta entzunaldian jarriko dena, Eusko Legebiltzarrari bidali zaio, prozedura hasi aurretik, onar dezan, azter, eztabaidatu eta aurkez dezan.