Basque Circular Hub-ek udal mailako ekonomia zirkularraren ezarpena aztertu du
Udalerriak aukera paregabea dira baliabideak antolatzeko eta kudeatzeko modua aldatzeko; izan ere, berrikuntzarako eta eraldaketa sozioekonomikorako lekuak dira, eta ahalmen handia dute ekonomia zirkular baterako trantsizioa gidatzeko. Era berean, printzipio zirkularrak aplikatzen dituen udalerri batek eskualdeko ekonomia epe luzera hobetu dezakeen zantzuak badaude.
Testuinguru horretan, Ihobe sozietate publikoak kudeatzen duen Basque Circular Hub ekimenak udal mailan ekonomia zirkularreko estrategien ezarpenari buruzko bi txosten argitaratu ditu.
Lehenengo dokumentua, ‘Ingurumenaren zaintzari eta lehiakortasunari buruzko txostena. Udalerriei aplikatutako ekonomia zirkularra’, ekonomia zirkularra aplikatzeko gida metodologikoen eta tokiko estrategien bilduma da, eskalan aplikatzen ari den moduari buruzko ikuspegi globala izateko.
Txostenak hainbat estrategia garatzeko erabilitako urrats metodologiko komunak eta tresnak identifikatzen ditu, eta udalerriek eta administrazioek ekonomia zirkularrerako trantsizioan duten zeregina aztertzen du, 11 gida metodologiko eta Europako hainbat hiritan garatutako 31 estrategia berrikusi ondoren. Dokumentuak udal-ekonomia zirkularreko jardunbide egokiak jasotzen ditu, eta zehatz-mehatz aztertzen ditu estrategiarik esanguratsuenak, hala nola Helsinki, Lisboa edo Viena.
EAEko udalerri eta eskualdeetara bideratutako txostena
Bigarren txosten batek ekonomia zirkularraren aplikazioa egokitu du tokiko erakunde txiki eta ertainetara, Euskadiko errealitaterako ikuspegi adierazgarriagoa lortzeko; izan ere, udalerrien % 92k 20.000 biztanle baino gutxiago ditu, eta horietako gehienek ( % 71) 5.000 baino gutxiago.Argitalpen honetan, euskal udalerrien aginpideen azterketa egiten da, ikuspegi sektorialetik zein orokorretik, eta udalerri eta eskualde txikietako zenbait azterlan-kasu eta jardunbide egoki jasotzen dira. Besteak beste, hauek nabarmentzen dira: Durangoko ordenantza fiskaletan jasangarritasun-neurriak sartzea; Alonsotegiko udal-plangintzaren berrikuspenean biodibertsitatea kontserbatzeko irizpideak txertatzea; edo ‘World Cafe’ bat udalerriaren etorkizuna diseinatzeko, Tolosako herritarren topaketaren bidez.
Txostenaren ondorioen artean nabarmentzen da udalen aginpideen erdiak baino gehiagok ekonomia zirkularrarekin zerikusia dutela (hondakinak kudeatzeko eta ingurumena sentsibilizatzeko ohiko eskumenetatik haratago), edo eskualde-mailako estrategiak ezartzea, udalerri txikiak dituzten eremuen kasuan, onuragarriagoa eta interesgarriagoa izan litekeela udalerri bakoitzak bere aldetik garatzea baino.
Bi txosten horiek Udalsarea 2030eko idazkaritza teknikoari eska dakizkioke udalsarea2030@ihobe.eus helbide elektronikoaren bidez.
Udalsarea 2030ek, udalerri jasangarrien euskal sareak, tokiko jasangarritasuna sustatzea eta Euskadiko administrazio publikoko mailen arteko koordinazioa sustatzea du helburu. Era berean, hura osatzen duten toki-erakundeen jasangarritasunerako politikak eta ekintza-planak dinamizatzeaz arduratzen da, betiere GJHekin lerrokatuta. Hala, ekonomia zirkularreko lantalde propioa bezalako ekimenak jarri ditu martxan, ‘Toki-esparrutik Ekonomia Zirkularra sustatzeko gidaliburua’ garatu zuena, bi txostenetan nabarmentzen den tokiko estrategiak lantzeko metodologiaren argitalpena.