Skip to main content

  Atzera

Bizkaiko Foru Aldundiak dirulaguntzen deialdi bat ireki du hondakinen kudeaketaren zirkulartasunerako

La Diputación Foral de Bizkaia abre una convocatoria de ayudas para la circularidad de la gestión de residuos
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak 2025eko dirulaguntzen deialdia ireki du, hondakinen kudeaketan zirkulartasuna sustatzeko. Lurralde Historikoko udal eta mankomunitateei zuzenduta, eskaerak apirilaren 14ko 13:30ak arte aurkez daitezke.

Guztira, zuzkidura milioi bat eurokoa da.

Laguntzen zuzkidurari dagokionez, 20.000 biztanletik beherako udalek 80.000 euroraino eskuratu ahal izango dituzte aurkeztutako proiektuak abian jartzeko, hainbat ekintza mota gauzatzeko laguntza eskatzen bada. Kasu horretan bertan, 20.000 biztanletik gorakoek eta mankomunitateek gehienez 120.000 euroko zenbateko metatua jaso ditzakete.

Foru Aldundiak hiri-hondakinak zirkulartasunera bideratutako kudeaketaren alde egiteko duen helburuaren barruan, deialdi honek diruz lagundu daitezkeen sei ekintza mota biltzen ditu. Lehenik eta behin, hondakinak kudeatzeko baliabideetan inbertitzea, besteak beste, gaikako bilketarako edukiontziak erostea, udal mozketa eta inausketak edo etxeko kuboak sailkatzeko eta tratatzeko instalazio finkoak erostea eta zatiki organikoaren gaikako bilketarako programari atxikitako etxebizitzetarako poltsa konpostagarriak erostea, besteak beste.

Bigarrenik, ordezko erregaiak erabiltzen dituzten hondakinak kudeatzeko ibilgailu berriak (ibilgailu elektrikoak, hibridoak, gasa edo 0 edo ECO ingurumen-bereizgarria dutenak) erostea edo lehendik dauden ibilgailuetan berotegi-efektuko gasen isurpena murrizteko hobekuntza teknologikoak ezartzea.

Hirugarrenik, bilketa pertsonalizatuko edo espezifikoko sistemak ezartzea eta hondakinen kontrolik gabeko isurketak ezabatzea. Ildo honetako ekintzen artean daude, besteak beste, inausketak eta lorezaintzako hondarrak, tamaina handiko tresnak edo sortzaile handientzat birzikla eta berrerabil daitezkeen zatikiak atez ate biltzeko sistemak ezartzea.

Dirulaguntzak emango dira, halaber, hondakinak biltzeko eta kontabilizatzeko prozesua digitalizatzeko, telekontrol- eta identifikazio-sistemak ezartzeko edo konpostajea jatorrian kuantifikatzeko. Honako hauek sartzen dira: erabiltzaileak ezagutzeko sistema informatikoak, sorkuntzaren araberako ordainketara bideratuak; gailu mugikorretarako aplikazioak, giltzak eta txartel fisikoak dituzten irekiera-sistemak ordezten dituztenak; eta konpostatutako materia organikoaren kantitatearen jarraipena egiteko plataforma adimendunak ezartzea.

Era berean, diruz lagundutako beste ildo bat da prestakuntza eta aholkularitza teknikoa ematea sorreraren arabera ordaintzeko udal-ordenantzak garatzeko, hondakin-tasak kalkulatzeko, amiantoaren errolda egiteko, hondakinak kudeatzeko eta/edo prebenitzeko tokiko planak idazteko...

Azkenik, elikagaien xahuketarekin, litteringarekin, plastikoen erabilera murriztearekin, konpontzearekin, berrerabiltzearekin, birziklatzearekin eta abarrekin lotutako sentsibilizazio-kanpainak sartzen dira deialdi honetan. Kanpaina horien artean sartzen da Hondakinak Prebenitzeko Europako Asterako ekintzak antolatzea.

Udalsarea 2030ek hainbat gida erabilgarri ditu eskuragarri.

Udalsarea 2030ek EAEko udalerrien eskura dauden metodologiak garatu ditu, bai amiantoaren zentsuak egiteko, bai hondakinen tasak kalkulatzeko, 7/2022 Legearen arabera.