Skip to main content

  Atzera

Hondakinen kudeaketaren kostuaren % 69 estaltzen dute tasek aztertutako udalerrietan

Las tasas de residuos cubren el 69% del coste de su gestión en los municipios analizados
Etxeek eta jarduera ekonomikoek hondakinen kudeaketagatik ordaintzen dituzten tasek oraindik ez dute zerbitzuaren kostu osoa estaltzen. Hala jasotzen du Hondakinen Fiskalitatearen Behatokiak, Fundació ENT erakundearen ekimenak, egindako 'Las Tasas de Residuos en España 2026' txostenak. Azterlanak 134 udalerriren egoera aztertzen du, probintziako hiriburu guztiak barne.

Azterlanaren arabera, kostuen batez besteko estaldura % 69koa da 2026an, aurreko urtean baino lau puntu portzentual handiagoa. Aurrerapena bada ere, oraindik urrun dago Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legeak ezarritako % 100etik. Txosten hau egiten hasi zirenetik lehen aldiz, laginean aztertutako udalerri guztiek hondakinak kudeatzeko tasa espezifiko bat edo antzeko figura bat dute.

Etxeko tasaren batez besteko zenbateko haztatua urtean 119,62 eurokoa da etxebizitza bakoitzeko, 2025ean baino % 6,4 handiagoa. Igoeraren arrazoi nagusietako bat zerbitzuaren finantzaketa araudiak eskatzen dituen bilketa-, kudeaketa- eta tratamendu-kostu errealetara egokitzeko beharra da.

Estaldura ekonomikotik harago, tasen diseinuan ingurumen-irizpideetarako joera ere antzeman du txostenak.

Estaldura ekonomikotik harago, tasen diseinuan ingurumen-irizpideetarako joera ere antzeman du txostenak. Aztertutako udalerrien % 32,8k zerga-onurak aplikatzen dizkie etxeei, konpostajea, hondakinak behar bezala bereiztea edo garbiguneak erabiltzea bezalako jarduerekin lotuta. Merkataritza-jardueretan, udalerrien % 24,6k eskaintzen ditu pizgarri horiek, batez ere gaikako bilketari eta elikagai-hondakinak murrizteari lotuta.

Sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemek ere aurrera egin dute. Sistema horietan, kuota sortutako hondakin kopuruaren edo zerbitzuaren erabilera errealaren arabera ezartzen da. 2026an, lagineko udalerrien % 10,5ek mekanismo horiek txertatu ditu etxeko tasetan. Gehienek hobariak aplikatzen dituzte biohondakinen edukiontzira egindako ekarpenen arabera. Merkataritza-jardueren kasuan, udalerrien % 8,9k erabiltzen ditu sistema horiek.

Hala ere, azterlanak adierazi du oraindik aukera handia dagoela eredu horiek zabaltzeko, bereziki atez ateko bilketarekin lotutakoak. Sistema horiek ezartzeak hondakinen sorrera prebenitzeko eta gaikako bilketa sustatzeko pizgarri ekonomikoak sartzea ahalbidetzen du, eta, aldi berean, zerbitzuaren finantzaketa haren erabilerara hobeto egokitzea.

Emaitzek Estatu osoko hondakinen tasen bilakaeraren argazkia eskaintzen dute, eta agerian uzten dituzte toki-erakundeek zerga-ordenantzak araudiaren eskakizunetara egokitzeko eta kudeaketa-eredu jasangarriagoetarantz aurrera egiteko dituzten erronketako batzuk.

Joan den uztailean, Udalsarea 2030ek jardunaldi tekniko bat antolatu zuen, irizpideak partekatzeko eta tasak araudi berrira eta sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemetara egokitzeari buruzko zalantza praktikoak argitzeko.

Euskadin, Udalsarea 2030 eta Ihobe udalerriei eta mankomunitateei laguntzen ari dira eraldaketa horretan. Joan den uztailean, sareak jardunaldi tekniko bat antolatu zuen, eta 69 erakundetako ordezkariek hartu zuten parte, irizpideak partekatzeko eta tasak araudi berrira eta sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemetara egokitzeari buruzko zalantza praktikoak argitzeko. Saioan, besteak beste, kostuen estaldura, hobariak, datuen kudeaketa eta jarduera ekonomikoen berezitasunak aztertu ziren. Horrez gain, sarearen esparruan landutako laguntza-tresnak aurkeztu ziren: udal-hondakinen tasak egiteko gida, kalkuluak egiteko Excel tresna eta memoria ekonomiko-finantzarioaren eta zerga-ordenantzaren eredua.