Klima-egokitzapena tokiko eskalan, ADAPT AKTION Euskadi 2050 ekitaldiaren ardatz nagusietako bat
Premisa horretatik abiatuta, ADAPT AKTION ekitaldiak tokiko ikuspegia txertatu du klima-egokitzapenari buruzko programan. Horretarako, nazioartean tokiko erakundeen ordezkari diren lehen mailako hizlariak bilduko ditu.
Bruno Mola, Europako Batzordeko Klima Ekintzako Zuzendaritza Nagusiko Hirietarako eta Tokiko Klima-ekintzarako Politiken arduraduna, ADAPT AKTION ekitaldian izango da.
Horietako bat Bruno Mola da, Europako Batzordeko Klima Ekintzako Zuzendaritza Nagusiko Hirietarako eta Tokiko Klima-ekintzarako Politiken arduraduna. Molak nazioarteko hitzaldia emango du azaroaren 24ko goizeko blokearen barruan, eta udalerriek eta tokiko administrazioek klima-egokitzapenean lidergoa nola har dezaketen aztertuko du. Haren hitzaldiak Europako Batzordearen ikuspegia hurbilduko du ADAPT AKTIONera, klima-aldaketaren ondorio gero eta handiagoei erantzuteko tokiko erakundeek bete beharreko zereginari dagokionez. Udalerriak muturreko fenomenoen eragin nagusienetako batzuk jasaten ari dira, hala nola uholdeak, bero-boladak eta biodibertsitatearen galera. Testuinguru horretan, lurraldea klima-aldaketara egokitzea Europako klima-politiken lehentasun estrategikoetako bat bihurtu da.Natalia Uribek, Regions4 sarearen idazkari nagusiak, COP31ren osteko ondorioak eta erronkak hurbilduko ditu.
Nazioarteko jasangarritasun-eztabaidan eskualdeko gobernuen ahotsa ordezkatzen duen beste pertsona bat Natalia Uribe da. COP31ren ondorengo eztabaidak eta ondorioak Euskadira hurbilduko dituen mahai-inguruan parte hartuko du. Uribe Regions4 sareko idazkari nagusia da; klima-ekintzarekin, erresilientziarekin eta biodibertsitatearekin konprometitutako eskualde-gobernuen nazioarteko sarea da Regions4. Nazioarteko klima-negoziazioetan aktiboki parte hartu du, klima-aldaketara egokitzeko prozesuan eskualdeek duten zeregina sustatuz. Horregatik, ekarpen esanguratsua egingo dio ADAPT AKTIONen izango den eztabaidari.
Azken batean, ekitaldiak beste behin azpimarratuko du tokiko erakundeen ekintzak eta plangintzak duten garrantzia, lurraldeak klima-aldaketara egokitzeko. Gainera, Urban Klima 2050 proiektuaren zazpi urteko ibilbidean garatutako emaitza, ikaskuntza eta esperientzia nagusiak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Proiektu horretan, 23 erakunde bazkideren parte-hartzearekin, 40 ekintza bultzatu dira.
Foroak ia ehun pertsona inskribatuta ditu dagoeneko, eta klima-aldaketara egokitzeko irtenbideak eta estrategiak partekatzeko aukera izango da. Halaber, lankidetza-aukera berriak sortzea ahalbidetuko du, lurraldearen erresilientzia indartzeko eta Euskadi klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko hobeto prestatuta egon dadin.