Skip to main content

  Atzera

Alkateen Itunak urteroko aintzatespen-ekitaldia egin du Bruselan, Euskadi bertan dela

El Pacto de las Alcaldías celebra su acto anual de reconocimiento en Bruselas con presencia de Euskadi
Joan den urriaren 16an, Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunaren urteko zeremonia egin zen Bruselan, tokiko eremutik klima- eta energia-ekintza sustatzen duen Europako ekimen nagusia. Parisko Akordioaren 10. Urteurrena zela eta, goi mailako ordezkariak izan ziren ekitaldian, hala nola Ursula von der Leyen, Europako Batzordeko presidentea.

Hitzorduan hainbat euskal erakundetako ordezkariak izan ziren.

Topaketak agerian utzi zuen tokiko gobernuek Europako trantsizio energetiko eta klimatikoan duten funtsezko zeregina, hala erakutsi baitzuen gobernu azpinazionalen ordezkaritzak, horien artean euskal erakundeenak, eremu horretan konprometitutako eskualde gisa. Zehazki, Eric Gálvez, Legazpiko alkatea; Aitor Zulueta, Ingurumen Ikasketen Zentroko zuzendaria, eta María Fernández, Gasteizko Udaleko Jasangarritasun, Klima eta Energia burua; Joserra López eta Alana Rawlins, Energiaren Euskal Erakundearen izenean; Izaskun de Allende, Ihobe sozietate publikoaren izenean; eta Euskadiren Bruselako Ordezkaritzaren ordezkariak izan ziren bertan.

Euskal erakundeek tokiko eta Europako ekintza klimatikoarekin duten konpromisoaren isla izan zen haien presentzia; izan ere, Euskadik 2028rako Itunari atxikitako 100 udalerrietara iristeko helburua du. Euskadin, Alkateen Itunaren euskarri diren egiturak EEE eta Ihobe dira, Udalsarea 2030en esparruan.

Gaur egun, EAEko 30 udalerri daude itunari atxikita, baina kopuru hori handitu egingo da datozen asteetan, eta berrogeita hamar bat udalerrira iritsiko da gutxi gorabehera; izan ere, hainbat udal ari dira ekimenari atxikitzeko izapideak egiten.

Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Ituna bat dator indarrean dagoen legeriarekin (1/2024 Legea eta 4/2019 Legea), tokiko gobernuei klima-aldaketara egokitzeko eta trantsizio energetikorako betebeharrak ezartzen baitizkie.

Itunaren helburua da tokiko gobernuek bere egitea Europako helburuak, arintzeari eta egokitzeari dagokionez, eta, era berean, Euskadiko araudia bat etortzea helburu horiekin (isuriak % 55 murriztea 2030erako, 1990arekin alderatuta, eta neutraltasun klimatikoa 2050erako).

Bere aldetik, Euskadik parte hartzen duen LIFE Octopus proiektuak tokiko gobernuen ekintza klimatikoa eta energetikoa indartu nahi du, erakundeen arteko koordinazio-sareen bidez. Euskadin, lan hori Udalsarea 2030en bidez bideratzen da, eta beste tresna batzuen artean martxan jartzen da, Alkateen Ituna bultzatuz.

Ekitaldian izan ziren tokiko ordezkariek beren eskaera nagusiak helarazi zizkioten Europako Batzordeari.

Ekitaldian izan ziren tokiko ordezkariek beren eskaera nagusiak helarazi zizkioten Europako Batzordeari: politika komunitarioak egiten parte-hartze handiagoa, finantzaketarako sarbide zuzena eta erraztua, tokiko plangintzarako laguntza teknikoa eta datu klimatiko fidagarriak, natura hiri-diseinuan integratzea eta lurraldeen arteko koherentzia eta berdintasuna politiken ezarpenean.

Bestalde, Europako Batzordeak tresna berriak iragarri zituen udalerrien zeregina indartzeko: Europar Batasuneko Hirietarako Agenda berri bat, 2025. urtearen amaierarako aurreikusia; EBko Erresilientzia Klimatikorako Plan bat, 2025-2026rako diseinu-fasean; eta erresilientzia-printzipioa sartzea diseinutik hurrengo 2028-2034ko Urte Anitzeko Finantza Esparruan.