Skip to main content

  Atzera

Zazpi euskal toki-ekimen, 2026ko CONAMA sarirako hautagai

Siete iniciativas locales vascas, candidatas al Premio CONAMA 2026

Alkiza, Asparrena, Ataun, Burgelu, Eskoriatza, Pasaia eta Trapagaran izango dira aurtengo Udalerri Txiki eta Ertainen Jasangarritasunari CONAMA Sariaren hautagaiak. Sariaren helburu nagusia da ikusgarritasuna ematea eta aitortzea udalerriek eta tokiko erakundeek ingurumeneko, ekonomiako eta gizarteko erronka berriei irtenbideak emateko garatzen dituzten ekimenen ahalegina.

Zazpi euskal udalerriak sariaren hautagai dira. Saria Ingurumenaren Kongresu Nazionalaren (CONAMAren) aurtengo edizioan banatuko da, azaroaren 30etik abenduaren 3ra, IFEMAn. Guztira, edizio honetan 39 proposamen jaso dira bi kategorietan: 5.000 biztanletik beherako udalerriena eta 5.000 eta 30.000 biztanle arteko udalerriena. Horrek erakusten du Euskadiko toki-erakundeek ekimenak sustatzeko duten gaitasuna.

Aurkeztutako proiektuek erakusten dute euskal udalerriak jasangarritasunerantz aurrera egiteko egiten ari diren lana. 

Aurkeztutako proiektuek erakusten dute euskal udalerriak jasangarritasunerantz aurrera egiteko egiten ari diren lana. CONAMA sariaren bidez, inspirazio-iturri izango dira, beren proiektuak eta ideiak beste leku batzuetan ere erreplikatu ahal izateko. Horietako batzuk Udalsarea 2030en esparruan ere aurkeztu dira, eta sarearen babesa izan dute, Euskadiko toki-erakundeen jardunbide egokiak partekatu eta sustatzeko.

Esaterako, Trapagaranek bere Naturalizazio Plana aurkeztuko du CONAMAn. Ekimen hori Udalsarea 2030en martxoko Batzorde Teknikoan aurkeztu zen, sareko gainerako kideen aurrean. 'Egunerokoa naturalizatzea' helburu hartuta, udalak azpiegitura berdea eta Naturan Oinarritutako Konponbideak espazio publikoaren diseinu, kontratazio eta mantentze-lanetako ohiko irizpide bihurtu nahi ditu, meatzaritzak eta industriak markatutako ingurune batean.

Eskoriatzak, berriz, geotruke-sistema bat ezartzeko eta mantentzeko proiektua aurkeztu du. Proiektu hori ere Udalsarea 2030en Batzorde Tekniko batean aurkeztu zen, 2025ean. Alde batetik, autosufizientzia energetikorantz eta deskarbonizaziorantz aurrera egiteko eta, bestetik, 4/2019 Energia Jasangarritasunaren Legea betetzeko, Eskoriatzako Udalak gas naturaleko galdarak geotermia-sistema batez ordezkatzea erabaki zuen energia gehien kontsumitzen duten bi eraikin publikoetan: eskolan eta kiroldegian. Irtenbide tekniko osagarri gisa, kaptadore pasiboen sistema bat ere txertatu zen, eta, horrez gain, teilatuan plaka fotovoltaikoak jartzea erabaki zen.

Pasaia, berriz, hiri-azpiegitura berdearen eta herritarrentzako babesleku klimatikoen sarearen bidez aurkeztu da sarira. Proiektuak elkarri lotutako bi erronkari heltzen die: hiriko berdeguneak babestea eta herritarrek muturreko beroaren aurrean duten esposizioa murriztea. Pasaiako Tokiko Klima eta Energia Planean eta klima-proiekzioetan oinarritzen da; proiekzio horiek egun bero gehiago eta bero-bolada luzeagoak aurreikusten dituzte. Ekimen hori Euskadiko Babesleku Klimatikoen Sarearen aurkezpen-jardunaldian ere aurkeztu zen.

Udalerri txikien ekimenak

Alkizak, bere aldetik, garapen-eredua aurkeztu du, naturan, gizakian eta kulturan oinarritua. Natura 2000 Sareko proiektu bat abian jarri zenetik hamarkada bat baino gehiago igaro da; proiektu horrek udalerriaren zati bat hartzen zuen. Orain, 365 biztanleko udalerriak eredu hori hobetzen eta indartzen jarraitu nahi du. Horretarako, besteak beste, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremua kudeatzeko ekintza-plan bat diseinatu nahi du, herritarrekiko konpromisoa indartu nahi du ondare kultural eta naturala ezagutaraziz, eta orain arte egindako ibilbidea eta etorkizuneko erronkak Ekosistema Zerbitzuekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatu nahi ditu.

Alkizak Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremua hobetzen jarraituko du; Asparrenak Araian sorbeltz arruntaren kolonia bat sortzeko proiektua aurkeztu du; Ataunek zirkulartasunean eta lurraldean oinarritutako proiektu baten aldeko apustua egin du; eta Burgelu burgeLUR proiektuarekin aurkeztu da sarira, udalerriko inguruko produktuak eskaintzen dituen landa-dendarekin.

Asparrenak, berriz, Araian sorbeltz arruntaren kolonia bat sortzeko proiektua aurkeztu du. Giza jarduerek gure herrietan bizi zen dibertsitate ekologikoaren galera handia eragin dute. Proiektuaren helburua da Araiako hiriguneko ondare naturala hobetzen laguntzea eta landa-ekosistemen biodibertsitatea handitzea, sorbeltzen ugalketa-kolonia berri bat sortuz. Hegazti horrek ekosistema-zerbitzuak eskaintzen ditu, intsektuak harrapatzen baititu, laboreei eragiten dieten izurriteen populazioak kontrolatzen baititu eta euli eta eltxo ugari jaten baititu; horrela, osasun- eta higiene-arazoak saihesten laguntzen du. Proiektua Eusko Jaurlaritzak toki-erakundeei jasangarritasun-proiektuak bultzatzeko ematen dizkien dirulaguntzen aginduaren bidez finantzatu da.

Ataunek, bestalde, 'Itzul gaitezen ingurunearekin orekan bizitzera' ekimena aurkeztu du. Lurraldean eta zirkulartasunean oinarritutako proiektua da, ekoizpena kontsumora hurbiltzea, karbono-aztarna murriztea, tokiko barietateak eta paisaiak babestea eta landa-ekonomia suspertzea helburu duena. Hala, 1.700 biztanleko udalerri horrek 28 baratze komunitario jarri ditu martxan, konpostajea zabaldu du, larre publikoak ekologiko gisa ziurtatu ditu eta nekazaritza-lurra babestu du. Etorkizunerako, besteak beste, Elikadura Mahaia eta udal-teknikariaren figura sortzea, belaunaldi-erreleboa erraztea, eskolako jantokian tokiko produktuei lehentasuna ematea eta erosketa publiko berdea aplikatzea proposatu du.

Burgeluk trantsizio justuaren, enplegu berde eta urdinaren eta ekintzailetzaren aldeko apustua egin du, eta CONAMAra burgeLUR aurkeztu du, udalerriko landa-denda, inguruko produktuak eskaintzen dituena. Udalak sustatu eta finantzatutako proiektu horren helburua da landa-biztanleriaren beharrei erantzungo dien eta tokiko produktuei balioa emango dien salmenta-gune bat sortzea. Produktuak saltzeko gune nagusiaz gain, lokalak sukalde-eremu bat ere badu, udalak antolatutako tailerrak egiteko. Gaur egun, lurraldeko bi emakume arduratzen dira burgeLUR eguneroko kudeaketaz, etxez etxeko banaketaren eta dendako zuzeneko salmentaren bidez.