Euskadiko toki-erakundeek trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloko erronkak eta ikuspegiak partekatu dituzte
Udaleko Osasun eta Ingurumen zuzendari Sergio Fernandezek ongietorria egin ondoren, 2026ko lehen seihilekoko jarduera-txostena aurkeztu da; Udalsarea 2030en webgunean kontsulta daiteke. Besteak beste, uztailean hondakinen sorreren araberako ordainketan oinarritutako tasen inguruan egindako saio teknikoa eta haren ondorio nagusiak gogoratu dira, baita joan den urrian hondakinak biltzeko zerbitzua arautzeko udal-ordenantzaren ereduari buruz egindako kontraste-tailerra ere. Gainera, BEG tresnak eguneratzeko eta udal-datuak eskuragarri jartzeko egutegia aurkeztu da.
Goizeko lehen bloke nagusia trantsizio energetikoan zentratu da. M.ª Mar Alonso Ihobeko Klima Ekintzako zuzendariak 1/2024 Legeak, Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzkoak, udalerriei ezartzen dizkien betebeharrak azaldu ditu, baita legeak jasotzen dituen tresnak ere, hala nola Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa (TEKAB) sortzea. Alonsok azpimarratu du udalerriek informazioa eman behar dutela 5.000 biztanletik gorako udalerriek Klima eta Energia Planak egiteko duten betebeharraren betetze-mailaren jarraipena egin ahal izateko.
Udalerriek informazioa eman behar dutela azpimarratu da, 5.000 biztanletik gorako udalerriek Klima eta Energia Planak egiteko duten betebeharraren betetze-mailaren jarraipena egin ahal izateko.
Halaber, TEKABek Euskadiko hiru hiriburuekin egindako bileretan identifikatutako erronkak partekatu ditu. Besteak beste, udalerrietan batera dauden planak integratzea eta haien jarraipena egitea, eraikinen birgaitze energetikoa eta langile espezializatuen falta nabarmendu ditu. Hala ere, egokitzapena Naturan Oinarritutako Konponbideen bidez lantzen ari dela ikusi da, eta hiru hiriburuek udalerri traktore eta erakusle gisa jardun dezaketela, gainerako toki-erakundeetara transferi daitezkeen ikaskuntzak eskainiz.Ondoren, Blanca Delgadok, Energiaren Euskal Erakundekoak, 4/2019 Legeak, Jasangarritasun Energetikoari buruzkoak, ezartzen dituen betebeharrak betetzeko toki-erakundeek dituzten erronka nagusiak aurkeztu ditu. Bertaratutakoekin egindako dinamika baten bidez, hainbat zailtasun identifikatu dira: erakundeen % 80k energia-kontsumoen inbentarioa badu ere, askok arazoak dituzte urteko jarraipena eta txostena egiteko. Udalerri osoaren trantsizio energetikoari dagokionez, eraikinen birgaitzea eta aurrekontu-falta dira oztopo nagusietako batzuk, mugikortasunarekin eta energia-kontsumoa murriztearekin batera.
Lehen blokea trantsizio energetikorako bidean Donostiako Udalak dituen erronken aurkezpenarekin jarraitu da. Jon Gastañares Osasun eta Ingurumen Saileko energia-jasangarritasuneko teknikariak ia bi hamarkadako udal-ekintza errepasatu du, hainbat plan eta estrategiaren bidez garatutakoa. Gaur egungo erronka nagusien artean, gobernantza, datuen kudeaketa eta jarraipena, eraikinen birgaitze energetikoa eta energia berriztagarrien garapena aipatu ditu. Zailtasunen artean daude planen jarraipena egitea eta datuak biltzea, baita sailen arteko informazioa integratzea eta jarraipena automatizatzeko baliabiderik ez izatea ere. Beharrei dagokienez, administrazioen arteko koordinazioa eta bidalitako informazioari buruzko erakundeen atzeraelikadura nabarmendu ditu, eta erronka horiek agerian geratu diren hainbat adibide erakutsi ditu.
Bosgarren belaunaldiko bero- eta hotz-sareak aukera bideragarria dira eraikinak deskarbonitzatzeko.
Eguneko lehen blokea amaitzeko, Iñigo Arrizabalagak, Telur enpresakoak (EEEren partaidetza duen enpresa), hiri-berokuntza eta -hozte sareek eraikinen parkea deskarbonizatzeko duten eginkizuna aurkeztu du. Euskadiko eraikinen % 96 inguru 2010 baino lehen eraiki ziren, eta horrek zaildu egiten du deskarbonizazioa banaka lantzea. Horregatik, Arrizabalagak bosgarren belaunaldiko bero- eta hotz-sareak aukera bideragarri gisa aurkeztu ditu. Gainera, Durangaldean egindako azterlan baten emaitzak partekatu ditu: gas naturalaren kontsumoa murriztu eta energia termikoaren ekoizpena handituko litzateke. Biomasarekin edo aerotermiarekin alderatuta, CO2 emisioak ere txikiagoak dira, eta inbertsio ekonomikoa txikiagoa da.Klima-aldaketa eta egokitzapena, bigarren bloke nagusia
Eguneko bigarren blokea klima-aldaketan eta egokitzapenean zentratu da. Ildo horretan, aurtengo hitzordu nagusia azaroaren 24an eta 25ean egingo den ADAPT AKTION izango da, klima-aldaketara egokitzeko konponbideen foroa. LIFE IP Urban Klima 2050 Europako proiektuari amaiera emango dio ekitaldiak. Zazpi urteko lanari amaiera emateaz gain, Euskadin klima-egokitzapenaren hurrengo hamarkadari begirako erronkak planteatzeko balioko du. Izen-ematea zabalik dago.
LIFE NaturSareak klima-egokitzapenerako eta paisaia-eraldaketarako eskualdeko sei erakusle sortzea proposatu du, Naturan Oinarritutako Konponbideen (NOK) arloko 14 proiektu estrategikoren bidez. Horiek maila anitzeko gobernantza-eredu baten bidez koordinatuko dira, eskualde-erakundeek tokiko klima-ekintza bultzatzeko duten ahalmenean arreta jarrita.
Egokitzapenaren hamarkada berri horren barruan kokatzen da eskualde-mailan lan egiteko aurkeztu den LIFE proiektu berria: LIFE NaturSarea. Klima-egokitzapenerako eta paisaia-eraldaketarako eskualdeko sei erakusle sortzea proposatu da, Naturan Oinarritutako Konponbideen (NOK) arloko 14 proiektu estrategikoren bidez. Horiek maila anitzeko gobernantza-eredu baten bidez koordinatuko dira, Udalsarea 2030en esparruan, eskualde-erakundeek tokiko klima-ekintza bultzatzeko duten ahalmenean arreta jarrita.Proiektua aurkezteko, aurretiazko lana egin da inplikatutako eskualdeekin. Horiek Udalsarea 2030ek proiektua prestatzeko prozesu osoan emandako laguntza eta babesa nabarmendu dituzte. Laguntza hori funtsezkoa izan da parte-hartzea errazteko eta horrelako deialdi bati heltzeko; izan ere, sare baten babesik eta prozesua bultzatu eta koordinatuko zuen erakunde baten laguntzarik gabe nekez egingo zuketen aurrera.
Gainera, M.ª Mar Alonsok Klima eta Energia Planak aberasteko beharra aipatu du: "Uste dugu komeni dela zuen planen barruan ezarri ez diren proiektuak aztertzea, finantzaketa bilatzea edo beste udalerri batzuek arazo berberei nola heldu dieten ikustea". Finantzaketa-aukerak sortzen direnerako proiektu-zorro bat izateko ere animatu ditu udalerriak, LIFE programaren kasuan bezala: "Proiekturik gabe, ezin izango genuke proposamena prestatu".
Bloke hori amaitzeko, udalerriek ezarri dituzten edo ezartzen ari diren Klima eta Energia Planen berri izatearen garrantzia azpimarratu da berriro. "Helburua da ikustea nola lagun dezakegun Udalsarea 2030etik, zer finantzaketa-aukera dauden aztertzea eta beste udalerri batzuentzat inspirazio-iturri izango den katalogo bat osatzea", azaldu du Agate Goyarrolak, Udalsarea 2030eko idazkaritza teknikoak. Halaber, sareak egokitzapenaren arloko ekintzak bultzatzeko eskaintzen duen zerbitzua azaldu da, besteak beste, egungo planen azterketa eginez.
"Helburua da ikustea nola lagun dezakegun Udalsarea 2030etik, zer finantzaketa-aukera dauden aztertzea eta beste udalerri batzuentzat inspirazio-iturri izango den katalogo bat osatzea"
Bertaratutakoek beren planen autoebaluazio-dinamika batean parte hartu dute, Udalsarea 2030en tokiko klima- eta energia-planak egiteko gidan ezarritako irizpideei jarraituz. Horren bidez, arintzea, egokitzapena, gobernantza eta jarraipena nola lantzen diren aztertu da. Helburua da klima-aldaketara egokitzeko ekintzetan dauden gabeziak eta zailtasunak hautematea, Udalsarea 2030en laguntza bideratu eta proiektu berriak abian jartzen laguntzeko.
Une horretan, hainbat udalerrik beren Klima eta Energia Planak planteatzeko eta ebaluatzeko esperientziak partekatu dituzte. Bizipen-truke horrek eztabaida aberasten du, eta Batzorde Teknikoa bezalako topaketak ikaskuntzak partekatzeko, ikuspegiak alderatzeko eta tokiko plangintza energetiko eta klimatikoan aurrera egiteko gune baliotsu bihurtzen ditu.
Azkenik, zuzeneko inkesta baten bidez, toki-erakundeek klima-aldaketara egokitzeko dituzten behar nagusiak identifikatu dira. Egokitzapena planifikatzeko oztopo nagusien artean, datu- eta baliabide-falta aipatu dira. Udalsarea 2030etik espero duten laguntzari dagokionez, finantzaketa, aholkularitza teknikoa, administrazioen arteko koordinazioa eta proiektuak bultzatzeko laguntza nabarmendu dituzte. Ildo horretan, gogorarazi da oraindik zabalik dagoela toki-erakundeetan garapen jasangarria sustatzeko laguntzak eskatzeko epea, azaroaren 30era arte. Deialdiak 2,5 milioi euro bideratzen ditu klima-aldaketaren arlora, 1,4 milioi euro ondare naturalera eta 100.000 euro Asteklima 2026ra.
Batzorde Teknikoa, beste behin, sarearen lehentasunezko gaietan udalerriei gaurkotasuneko informazioa, araudia, baliabideak eta tresnak helarazteko gunea izan da, baita haien ekarpenak, beharrak eta esperientziak jasotzeko ere. Horri esker, sarearen lana egokitu eta Euskadiko toki-erakundeei benetako erabilgarritasuna eta babesa eskaintzea ahalbidetzen da.