Skip to main content

  Atzera

“EAEko amiantoaren udal-erroldak egiteko gida metodologikoa” izenekoaren aurkezpena

Presentación de la “Guía metodológica para llevar a cabo la elaboración de los censos municipales de amianto de la CAPV”

Udalsarea 2030 Sarearen bidez, “EAEko amiantoaren udal-erroldak egiteko gida metodologikoa” aurkeztu da. Gida horren helburua metodologia estandarizatu bat ezartzea da, udalek errazago egin ditzaten amiantoaren udal-erroldak, eta kentzeko egutegiak ere egin ditzaten. Argitalpena udal-errolda horiek egin behar dituzten toki-erakundeei eta organismo publikoei dago zuzenduta batez ere.


Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak udal-eskalan amianto-erroldak nahitaez egin behar direla ezartzen du. Errolda horietan oinarrituta, denbora jakin batean amiantoa kentzeko plangintza egin behar da. Araudi horren arabera, udalek berek egin behar dituzte erroldak.


Argitalpena formatu digitalean argitaratu da, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko, Lan eta Enplegu Saileko, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko eta Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko langileek osatutako lantalde teknikoak egin du. Gainera, Lurralde Politika, Etxebizitza eta Garraio Saileko langileen laguntza jaso da erroldak egitea erraztuko duten bi tresna digital garatzeko.

Jardunaldian ere aurkeztu diren tresna horiek, errolda osatuko duten datuak erregistratu ahal izango diren landa-aplikazio bat, eta GeoUdala plataformaren bidez bistaratzea errazten duen web bisore bat izango dira.


Metodologia definitzen ari zirela, Udalsarea 2030i atxikitako udalek eta erakunde publiko eta pribatuek metodo hori kontrastatzeko 2023ko urriaren 24an eta azaroaren 27an egindako kontraste-jardunaldietan parte hartu zuten. Gainera, jakinarazi denez, gaur egun Ihobe esperientzia pilotu bat babesten ari da Arabako udalerri batean, eta bertan, aurkeztutako metodologian oinarrituta eta garatutako tresnak erabiliz ari da egiten errolda.


Gida ehun bat parte-hartzaileren, batez ere udaletako arlo edo zerbitzuetako udal-teknikarien aurrean aurkeztu da, horiek arduratuko baitira erroldak egiteko lanak kudeatzeaz, gai horretan aurreratuen dauden toki-erakunde batzuek eta argitalpenean lagundu duten erakundeek parte hartu duten jardunaldiaren esparruan. Udalsarea 2030en Idazkaritza Teknikoko Agate Goyarrola Ugaldek jardunaldiaren aurkezpenean adierazi duenez, “gidak udalen eskariari erantzuten dio eta sor daitezkeen zalantzak argitzeko ezinbesteko tresna bihurtu da”.


Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik, Iván García Angulok (Bizkaiko Ingurumen Osasuneko Unitatea) amiantoak osasunean dituen eraginak azaldu ditu. “Amiantoa arriskutsua da degradazioan dauden zuntzen eraginpean, hau da, xehatu eta apurtu egiten diren materialen eraginpean. Amiantoa duten material asko ez dira arriskutsuak fabrikatu eta 30 urtera arte, osorik dauden bitartean. International Agency for Research on Cancer (IARC) erakundeak I. motako minbizi-eragile gisa sailkatzen du material hori”. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) egindako kalkuluen arabera, urtero 107.000 pertsona hiltzen dira munduan amiantoaren eraginpean egoteagatik.


Ondoren, Verónica Fernández Fernándezek, Lan eta Enplegu Saileko Lan eta Gizarte Segurantzako Bizkaiko lurralde-ordezkariak, araudia eta RERAS enpresak aurkeztu ditu. Bere esku-hartzean azaldu duenez, 396/2006 Errege Dekretuaren xedea gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzea da, langileak lanean amiantoaren eraginpean egotearen ondoriozko arriskuetatik babesteko eta arrisku horiek prebenitzeko. “Errege Dekretu honen aplikazio-eremuan sartzen diren jarduerak edo eragiketak egingo dituzten enpresa guztiak amianto-arriskua duten enpresen erregistroan inskribatu beharko dira. Erregistro hori instalazio nagusiak dauden lurraldeko lan-agintaritzako dagokien organoetan dago, 396/2006 Errege Dekretuaren 17. artikuluak adierazten duen bezala”, adierazi du.


Ibon Izaguirre Suso Osalaneko ordezkariak, material hori lan-ingurunean identifikatzeko erakundeak duen zereginaren berri eman du. Amiantoari dagokionez, Osalanek osasun arloko agintari eta laguntza tekniko gisa jarduten duela azaldu du. Bere hitzaldian nabarmendu duenez, iaz amiantoa kentzeko 750 plan espezifiko izapidetu zituen Osalanek. “Garrantzitsua da urrats hauek irmotasunez egitea: erabakiak hartu, ebaluazioa, identifikazioa eta kokapena”, adierazi du.


Ihobeko teknikariek amiantoa hondakin gisa nola kudeatu azaldu dute, eta gida aurkeztu dute. Ana Rebate Alonsok amiantoari buruz hitz egin du eta Leire Escolar Martínez de Lagranek gida aurkeztu du.

“Amiantoa duten hondakinak erretiratzeko betebeharren artean, 7/2022 Legeak jasotzen du nahitaezkoa dela errolda eta egutegi bat egitea, 2028a baino lehen arrisku handiagoko eraikin publikoetatik erretiratuz eta abenduaren 31rako hondakin arriskutsuen bilketa bereizia eginez”, azaldu du Ana Rebatek.


Bestalde, Leire Escolarrek azaldu duenez, erroldak udalerri bakoitza osorik hartuz egiteak dakarren erronkaren aurrean sortu da gida. “Udalsarea 2030en bidez, udalek laguntza eskatu ziguten, eta gida metodologiko honek laguntza hori eskaintzen du”. Udal-errolden gakoen artean, udalerri batean dauden eraikin eta instalazio guztietara hedatzen den irismena aipatu da, lurzorua kontuan hartu barik; titulartasun publikoko eta pribatuko eraikinak; zaurgarritasun egoeran dauden pertsonek erabiltzen dituztenak lehenetsita; eta erroldaren etengabeko eguneratzea. Kronogramari dagokionez, adierazi du, a priori, erroldak eta egutegiak 2026rako bidali behar zaizkiela agintariei, eta eguneraketa 2029an eta 2032an.


Atsedenaldiaren ondoren, Lurralde Politika, Etxebizitza eta Garraio Sailetik geoUdala-amianto ataria eta sortutako aplikazio informatikoa aurkeztu ditu Juan Carlos Barroso geoEuskadi Lurralde Informazioko Zerbitzuaren arduradunak. GeoEuskaditik, geoUdala izeneko lantalde bat jarri zen martxan iaz, udalei eskatu ondoren eskuratu daitekeen eta udalekin partekatuta dagoen datu-gune pribatua. Amianto-erroldak egiteko, soilik amiantoari buruzko web-editore bat eta amianto-eremuaren aplikazio bat ditu. Bertan erregistratuko dira zuzenean amiantoa identifikatzeko lanetan hartuko diren datuak. Jardunaldia amaitzeko, amiantoaren inbentarioak egiten aurreratuen dauden udalen hainbat esperientzia ere aurkeztu dira.

Aintzane Arbaizgoitia Aiarako Kuadrillako Ingurumen teknikariak, Aiarako Udalaren eta bere administrazio batzarren eraikinetan amiantoa duten materialen identifikazioa aurkeztu du. Bere hitzaldian nabarmendu du garrantzitsua dela inbentarioa RERA enpresa batek egitea.


Bestalde, Maria Berastegi Orioko Udaleko arkitekto teknikoak azaldu duenez, bere udalerrian errolda egitean aurkitutako zailtasunetako bat jabeak identifikatzea izan da. Amiantoa aurkitzeko iturri gisa, besteak beste, ikuskapen bisuala, aireko argazkiak eta eraikinen ikuskapen teknikoen txostena erabili dira.


Azkenik, tarte bat gorde da udalek zalantzak azaltzeko eta beren esperientziak edo iritziak azaltzeko, eta jardunaldiko hizlari guztiek parte hartu ahal izan duten eztabaida ireki da.
Gogoratu da, gainera, maiatzaren 23an antzeko jardunaldia egingo dela amiantoaren udal-erroldak egiteko asmoa duten enpresa eta erakunde pribatuentzat.

Amiantoa dagoen ala ez jakitearen garrantzia


Joan den mendean, 2002ko abenduan minbizi-eragile potentziala izateagatik debekatu zen arte, amiantoa lehengai gisa erabili zen hainbat material eta produktu fabrikatzeko, merkea zelako eta propietate bikainak zituelako.


Eraikinetan eta instalazioetan amiantoa dagoen ala ez jakitea funtsezkoa da okupatzen dituzten pertsonen osasunerako, eta, bereziki mantentze-, konponketa-, birgaitze- edo eraiste-lanak egiten dituztenentzat, material horrekiko duten esposizio zuzenarengatik.


Udalerri bakoitzaren errealitatera pixkanaka hurbiltzea ahalbidetzen duen metodologia diseinatu da, eraikinak eta instalazioak etapaka sailkatuta (atarikoa, oinarrizkoa eta zehatza).

Etapakako hurbilketa horri esker, udalerri bakoitzeko amiantoaren problematika dimentsionatu ahal izango da, eta arrisku handiena duten eta erretiratzean lehentasuna eman behar zaien eraikinak eta instalazioak identifikatu ahal izango dira.


Zehaztutako arrisku potentzial mailaren arabera, identifikatutako amiantoa duen materialaren kudeaketa zehatza proposatuko da, nahiz eta ez den beti kendu beharko.


Nolanahi ere, eta amiantoak pertsonentzat izan dezakeen arriskua ezabatzeko lehen urrats gisa, udal-erroldak egin beharko dira.